Minbizi ginekologikoa eta bular minbizia izango dira aurtengo EITB Maratoiaren kausa
EITBk BIOEF Berrikuntza eta Ikerkuntza Sanitarioko Euskal Fundazioarekin eta minbizi ginekologikoko eta bular minbiziko elkarteekin batera aurkeztu du maratoia. Urtero legez, EITBren elkartasun ekimenak bi ildo izango ditu: ikerketarako dirua biltzea eta gizartea sentsibilizatzea.
2026ko EITB Maratoiaren gaia aurkezteko ekitaldian, Isabel Octavio ETBko zuzendariak, Iñaki Gutiérrez Ibarluzea Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak eta EITB Maratoiaren diru-bilketari esker bularreko minbiziaren tratamendu berriei buruzko ikerketa gauzatu duen Javier Muñoz Biobizkaia ikerketarako institutuko ikertzaileak hartu dute parte.
Horiez gain, 12 elkarte hauen ordezkariak ere egon dira aurkezpenean: ACAMBI (Bizkaiko Ginekologiko edota Bular Minbiziaren Elkartea), ASAMMA (Bularreko edota Ginekologiako Minbizia duten Emakumeen Arabako Elkartea), Katxalin (Bularreko edo Ginekologiako Minbiziagatik Eragindako Gipuzkoako Emakumeen Elkartea), Sarai (Bularreko Minbiziaren Nafarroako elkartea), Minbiziaren Aurkako Bizkaiko Elkartea, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako Elkartea, Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartea, Maite Ta Bizi (Euskadin minbizi metastasikoa duten gaixoen elkartea), Izan Inurri (Ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik minbiziari buruzko dibulgazioa, formazioa eta akonpainamendua eskaintzen duen elkartea), Asaco (Obarioetako minbizia edo ginekologikoa duten gaixoen elkartea) eta Gaixoen Erakundeen Plataforma.
"Kanpaina indartsu bat egitea da helburua", adierazi du Isabel Octavio ETBren zuzendariak aurkezpenean. Horren hitzetan, aurtengo kanpainak emakume aurpegia du batik bat, "aukeratutako kausak emakumeengan duen intzidentziarengatik, baina horrek ez du esanahi gizonengan duen eraginaz ez dugunik hitz egingo".
EITB Maratoiak aurten izango duen ibilbidea eta kanpaina bideratzeko orduan lagunduko duten elkarteen babesa eskertu du Octaviok. "Kanpaina hurbila izatea nahi dugu; emozioz betea; denetariko esperientziekin; gaixoei ahotsa emanez, zorrotza eta, beti egiten saiatzen garen bezala, tonu positiboan", azaldu du.
Bidelagun horiez gain, beste behin, gizarte osoaren inplikazioa lortu nahi duela adierazi du ETBren zuzendariak: "Gure komunikazio ekimen propioa landuko dugu, ohi dugun bezala, euskal abesti baten bueltan". Eta erantsi du elkarteek antolatzen dituzten ekimen garrantzitsuenei babesa eskainiko diela EITBk.
Iñaki Gutiérrez Ibarluzeak Eusko Jaurlaritzako Ikerketa, Berrikuntza eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariak adierazi duenez, "Euskadin minbiziari buruz egiten den ikerketari esker gero eta pertsona gehiago gero eta hobeto bizi dira, diagnostiko onkologiko baten ondoren". Ildo horretan, aipatu du Osasun Saileko ikerketa institutuen bidez (Bioaraba, Biobizkaia eta Biogipuzkoa) 120 proiektu eta azterketa kliniko egiten ari direla bularreko minbiziari, zerbixeko minbiziari eta obulutegi eta endometrio minbiziei dagokienez, besteak beste, Osakidetzan aplikatzeko. "Helburua argia da: pazienteen eta minbizitik bizirik atera diren pertsonen biziraupena eta bizi kalitatea hobetzea", esan du Gutierrezek. Martxan dauden ia 120 proiektuek terapia berritzaile berriak lantzen dituzte, hala nola immunoterapia aurreratuak, baita osasun-emaitzak aztertzen dituzten ekimenak ere, tratamenduek pazienteen eguneroko bizitzan duten benetako inpaktua hobetzeko.
Horren arabera, azken urteetan bost urterako biziraupena nabarmen hobetu da tumore gehienetan, bereziki bularreko minbizian, "gure inguruko herrialdeetan % 90 inguruko zifrak lortzen baitira. Gure lehentasuna da biziraupen tasa horiek handitzen jarraitzea eta minbiziak galdutako bizitza urteak murriztea, arreta gizatiarragoa eta pertsonengan zentratuagoa jarrita", gaineratu du.
Iñaki Gutierrezek azaldu duenez, "biziraupenean egindako aurrerapenak ez dira kasualitatearen ondorio, prebentzioan, baheketan eta ikerketan egindako etengabeko ahaleginaren ondorio baizik". Hala, gogorarazi du alderdi horiek funtsezko lekua dutela 2025-2030rako Euskadiko Plan Onkologiko Integralean, Euskal Osasun Itunarekin lerrokatuta, eta pertsona gehiagok minbizia gainditzea eta bizi kalitate hobearekin egitea helburu dutela. "Osakidetzaren bularreko eta zerbixeko baheketa-programak funtsezkoak dira minbizia garaiz detektatzeko eta sendatzeko aukerak handitzeko", berretsi du.
Bestalde, Javier Muñoz Peralta ikertzaileak Biobizkaiak eta Biogipuzkoak proteomikaren arloan egindako aurrerapenak aurkeztu ditu, proteinen azterketa, tumoreek nola jokatzen duten hobeto ulertzeko eta tratamendu eraginkorragoetarako dianak aurkitzeko lerrorik oparoenetako bat. Lan hori BIOEF Osasun Ikerketarako Euskal Fundazioak bultzatutako laguntzen deialdiari esker garatzen ari da, minbiziari buruzko EITB Maratoia ekimenari modu solidarioan emandako funtsekin. EITB Maratoiak bildutako diruari esker azken urteetan Osakidetzaren sarean hainbat proiektu onkologiko finantzatzeko aukera izan da. Muñozen hitzetan, "proiektu horiei esker, gaixotasunaren seinale goiztiarrak eta tratamenduei eman dakizkiekeen erantzunak identifika ditzakegu, eta horrek diagnostiko zehatzagoetarako eta terapia pertsonalizatuagoetarako aukera irekitzen du".
Zure interesekoa izan daiteke
Medikuen grebak 300.000 pazienteri eragin die Euskadin, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Protestaren ondorioz, gainera, Osakidetzako itxaron-zerrenda kirurgikoa 15 egun luzatu da, 67 egunera arte.
Medikuek Aste Santuaren ondoren greba bertan behera utziko dutela uste du Osasun ministroak
Monica Garcia Osasun ministroaren arabera, Ministerioak agindutakoa bete du eta orain sindikatuei dagokie greba bertan behera uztea.
49 urteko emakume bat hil da Sestaon, sukaldean erredura oso larriak egin ostean
Biktima Iberia kaleko etxebizitza batean zauritu zen, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten, baina hil egin da.
Gutxienez 4 kilometroko auto-ilarak izan dira AP-8 autobidean Zornotzan, bi errei ixtea eragin duen istripu baten ondorioz
Zirkulazioak arazo handiak izan ditu Irunerako noranzkoan, 95. kilometroan. Istripuaren ondorioz, bi errei itxi behar izan dituzte.
Aste Santuan 1.674 hegaldi daude aurreikusita Bilboko Aireportuan, iaz baino 50 gehiago
Mugimendu handieneko eguna apirilaren 6a izango da, 175 hegaldi izango baitira bertan.
Ertzaintzak emakume bat atxilotu du Getxon, ustez bikotekidea larri zauritzeagatik
Ikerketa oraindik zabalik badute ere, dirudienez, gertakariak ostegunean izan ziren, 22:00ak aldera, Algorta auzoan. Ustezko erasotzaileak 44 urte ditu; biktimak, berriz, 23.
Hondarribiak II. Berdintasun Plana onartu du, Alardearen “gatazkaren konponbidean” aurrera egiteko neurriak jasota
Abotsanitzek eta EH Bilduk osatutako gobernu-taldeak babesa eman dio planari; EAJk eta PSEk, berriz, kontra bozkatu dute, emakumeen elkarte bat “baztertu” dela iritzita.
COIk debekatu egin die trans emakumeei emakumeen kategorietan lehiatzea
SRY genearen detekzioan oinarritutako neurria 2028an sartuko da indarrean Los Angelesen, atzerako eraginik gabe.
Nor da Bermeoko portuko argazkiko neska? Hibai Agorria argazkilariak Madrilen aurkitu du erantzuna
Madrilgo zakarrontzi batean agertutako argazki negatibo batzuek Urdaibai, Elorrio eta Madril arteko istorio eder bat berreskuratzea ahalbidetu dute.