Elkarrizketa
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Ane Elordi: "Mezuen egileak ez ditugu botoa nori ematen dioten arabera aukeratzen, euskararen alde egiten duten lanagatik baizik"

Aitor Estebanek egindako adierazpenei erantzunez, Korrikaren koordinatzaileak nabarmendu du aniztasuna erakutsi nahi izan dutela, lurralde guztietako eta jatorri ezberdinetako pertsonak aukeratuta, "euskara ama hizkuntza izan zein ez".

Ane Elordi, Korrikaren koordinatzailea

Ika-mika piztu dute Aitor Esteban EAJren presidenteak gaur goizean Radio Euskadin egin dituen adierazpenek. Buruzagi jeltzaleak ez du egoki ikusi AEK-k Korrikaren amaierako mezua idatzi eta irakurtzeko aukeratutako gazte taldea. Estebanen hitzetan, euskarak eduki behar zuen aniztasuna apurtu zuen atzoko bukaerako ekitaldiak, "zazpi mezu-egileek ez dute aniztasun hori ordezkatzen, beren eremu ideologikoa ezker abertzalearen gertukoa da". 

"Manifestua irakurri zutenak ez ziren pertsona anonimoak, EH Bilduren gertu-gertukoak baizik", nabarmendu du EAJren buruak.

Horri erantzunez, Korrikaren koordinatzaile Ane Elordik Euskadi Irratian adierazi du AEK-k ez dituela mezu-egileak botoa zein alderdiri ematen dioten arabera hautatzen, "euskararen alde egiten duten lanagatik baizik".

"Aniztasuna erakutsi nahi izan dugu, horregatik zazpi lurraldeetako gazteak aukeratu ditugu, jatorri ezberdinetakoak, euskara ama hizkuntza izan zein ez jarri ditugu erdigunean", erantsi du.

Gainera, azaldu duenez, zorion mezu asko jaso dituzte gazteei ahotsa emateagatik, "pizkunde berri bati begira jartzeko une honetan, gazteak lehen lerrora ekarri" dituztelako.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X