Gizon bat atxilotu dute Bilbon hilketa saiakeragatik
31 urteko gizon bat larri zauritu zuen, hiru labankada emanda, eta biharamunean atxilotu zuten, Zazpikaleetan.
Ertzaintzak 23 urteko gizon bat atxilotu du Bilbon, hilketa saiakera egotzita, apirilaren 9an, gauean, hiriburuaren erdiguneko bingo batean izandako liskar batekin lotuta.
22:00ak aldera, bi gizon elkarrekin eztabaidan hasi ziren. Liskarra bingo barruan sortu zen, baina kalera atera ziren, eta, bertan, erasotzaileak hiru labankada eman zizkion biktimari: bi bizkarrean eta beste bat sabelaldean (azken hori, oso larria).
Abisu ugari jaso ondoren, Ertzaintzaren patruilak bertaratu ziren, baina ez zuten inor aurkitu. Handik gertu topatu zuten biktima, lurrean, eta agenteek lehen sorospenak eman zizkioten, osasun langileak iritsi arte. Ondoren, Gurutzetako ospitalera eraman zuten, larri.
Ikerketa abiatuta, lekuko batek ustezko erasotzailea identifikatu zuen, eta agenteek odolez zikindutako labana bat ere aurkitu zuten gertakariaren lekutik gertu, edukiontzi baten alboan botata. Arrastoari jarraituz, bilaketa operatiboa abiatu zuten.
Azkenean, ostiral arratsaldean atxilotu zuten susmagarria, Bilboko Zazpikaleetan, aldean odolez zikindutako arropa zeramala eta eskuan bihurkin bat zuela. Atxilotuak aurrekariak ditu, eta datozen orduotan jarriko dute epailearen esku. Biktimak, berriz, ospitalean dago, egonkor eta arriskutik kanpo.
Zure interesekoa izan daiteke
Labankadaz hil dute emakume bat Madrilen, eta hilketa matxista posibletzat ikertzen ari dira
Gasteiz eta Bilbo arteko N-222 errepidea itxita dago, kamioi batek istripua izan ondoren
4.700 lagun baino gehiago txertoguneen lehen egunean
Ibai azpiko tunelaren lanak hasi dira Sestaon
Bengoetxearen ustez, azterketak berriz planteatu behar dira, adimen artifizialaren eraginez
Gaixotasun profesionaltzat jo dute ospitale batean kutsatu zen zeladore baten covid iraunkorra
Sexuak eta maila ekonomikoak eragina dute osasunerako arrisku faktore nagusietan, OMEren arabera
Frankismoari lotutako bi kaleren izenak aldatuko dituzte Gasteizen, eta Paz Diaz de Espada eta Frida Kahlo deituko dira aurrerantzean
Osakidetzako filtrazioengatik epaitutako oposiziogileak aitaginarrebak prestatutako 50 galderetatik 48 asmatu zituen, lekuko baten arabera