Behin-behinean aske geratu da Oñatiko campuseko sexu-eraso saiakeragatik atxilotutako gizona
51 urteko gizonezkoa da, eta Ertzaintzak atxilotu du, Oñatiko Udaltzaingoaren laguntzarekin.
Sexu-erasoa gaitzesteko elkarretaratzea. Argazkia: EITB
Behin-behinean aske geratu da Oñatiko campuseko sexu-eraso saiakeragatik atxilotutako gizona. Atxilotuak 51 urte ditu eta leporatzen zaio Mondragon Unibertsitateko campusean gertatutako sexu-eraso saiakera bat.
Bergarako Instrukzio eta Zibil Ataleko 2. Epaitegiak, emakumeen aurkako indarkeriaren arloan eskumena duenak, gizon honentzat behin-behineko askatasuna erabaki du, epaitegira deitzen zaionean agertzeko betebeharrarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko iturriek jakinarazi dutenez.
Biktimak, 53 urteko emakume batek, aparkalekuan jasan zuen eraso-saiakera; erasotzailea aparkatuta zuen ibilgailuan sartu zitzaion. Ihes egitea eta oinezko bati laguntza eskatzea lortu zuen, eta une horretan erasotzaileak ihes egin zuen.
Ertzaintzak gertakarien lekuan bertan hasi zituen ikerketak, biktima artatu eta osasun-zentro batera eraman ondoren. Horien ondorioz, ustezko egilea atxilotzea lortu zuten, asteazkenean, Udaltzaingoak lagunduta. Atxilotuari, 51 urteko gizonezkoari, sexu-eraso saiakeraren delitua egotzi diote.
Mondragon Unibertsitateko ikasleek eta langileek, Oñatiko herritarrekin batera, sexu-eraso saiakera gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten astelehenean.