Donostiako Udalak hondartzen denboraldia aurreratzea aztertuko du, egun hauetako erreskateen ondoren
Jon Insausti alkateak adierazi duenez, hondartza denboraldia lehenago hasi behar den aztertuko da, edo agian zerbitzu zehatz batzuk, gune puntual batzuetan, baina hori datorren urteko aurrekontuen araberakoa izango dela azpimarratu du. Halaber, seinaletika indartzearen eta megafonia zerbitzuak lehenago aktibatzearen alde agertu da, Saguesen, esaterako, "arriskutsuak izan daitezkeen korronte konplikatuak" daudelako.
Donostiako Udalak hondartza denboraldia aurreratzeko, seinaletika indartzeko eta megafonia abisuak lehenago aktibatzeko aukera aztertuko du, azken egunetan surflariek hainbat pertsona erreskatatu behar izan baitituzte, sorosle zerbitzua oraindik abiatu ez delako.
Jon Insausti alkateak Tokiko Gobernu Batzordearen bileraren ostean egin ohi duen prentsaurrekoan aipatu du aukera hori eta egunotan hondartzara joaten direnei "zuhurtziaz" jokatzeko deia egin die, ekainaren 1era arte ez baita hasiko hondartzetako denboraldia eta sorospen postuak ez baitira martxan egonog ordura arte.
Azken egunotan surflariek Groseko hondartzan hainbat bainulari erreskatatu izana aipatu du Insaustik, eta eskerrak eman dizkie eskuzabaltasunez esku hartzeagatik.
Hala ere, oinarrian herritarren kontzientzia egon behar dela azpimarratu du, eta gogorarazi du duela urte batzuk Donostiako hondartza denboraldia lau hilabete osoz luzatzea erabaki zela jada.
Adierazi duenez, hondartza denboraldia lehenago hasi behar den aztertuko da, edo agian zerbitzu zehatz batzuk gune puntual batzuetan lehenago martxan jartzea, baina hori datorren urteko aurrekontuen araberakoa izango dela azpimarratu du.
Halaber, seinaletika indartzearen eta megafonia zerbitzuak lehenago aktibatzearen alde agertu da Saguesen, esaterako, "arriskutsuak izan daitezkeen korronte konplikatuak" daudelako.
Azaldu duenez, atzo, astelehena, suhiltzaileen baliabideak elkarlanean aritu ziren hondartzetako segurtasuna hobetzeko, egun hauetan jendez gainezka baitaude, hirian erregistratzen ari diren tenperatura altuen ondorioz, maiatzerako ezohiko direnak.
Gainera, alkateak esan du uretan erreskatatutako gehienak ez zirela hiriko bizilagunak, eta ez zutela ezagutzen Zurriola hondartzako eremu batzuetan ibiltzeak berekin dakarren arriskua.
Insaustik gogorarazi du, gainera, Donostiako aurtengo hondartza denboraldiak bi berrikuntza nagusi ekarriko dituela, debekuak biak ere, erretzekoa eta musika bozgorailuak erabiltzekoa, zehazki. "Aurtengo denboraldia kerik eta zaratarik gabekoa izango da Donostian", azpimarratu du.
Jokabide horiek ekainaren 1etik aurrera zigortuko diren galdetuta, Insaustik esan du beti egon ohi dela pedagogiako hasierako fase bat, baina azpimarratu du "fedea" duela herritarrengan, eta horien portaera egokia izango dela sinetsita dago.
Zure interesekoa izan daiteke
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FCko entrenatzailea sexu askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean