Euskaldunon Kontseiluaren erronka: 300.000 euskaldun gehiago 2036rako
'Pizkunderako Erronka 2036. Larrialditik indarraldirako jauzia' txostena aurkeztu du Euskalgintzaren Kontseiluak: orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztea eta urtero 30.000 hiztun irabaztea proposatzen da. Modu horretan, erabileran % 20ko langa gainditzea aurreikusten dute.
Euskara larrialdi linguistikotik atera eta indarraldi berri batera eraman asmo duen proposamena aurkeztu du gaur Euskalgintzaren Kontseiluak, eta helburu zehatza ere jarri du mahai gainean: 300.000 euskaldun oso sortzea hamar urteko epean. Orain arteko euskalduntze erritmoa bikoiztea da erronka, eta horretarako, lurralde eta eremu administratibo bakoitzerako helburuak ezarri dira, tokian tokiko errealitate soziolinguistikoa aintzat hartuta.
Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egin duten agerraldian, Idurre Eskisabel eta Manex Mantxola Euskaldunon Kontseiluko idazkari nagusiak eta koordinatzaileak, hurrenez hurren, eman dute 'Pizkunderako Erronka 2036. Larrialditik indarraldirako jauzia' txostenaren berri. Azaldu dutenez, Galesko, Kataluniako eta Galiziako esperientzietan oinarritutako plana da, eta lurralde horietako adituek ere hartu dute parte prentsaurrekoan, euren lekukotzak azalduz.
Proposamena 140tik gora eragile sozialek sinatutako 'Batuz Aldatu' adostasun sozial zabalean oinarritzen da, eta gizarte osoaren inplikazioa lortzea da asmoa. Hizkuntza politiketan egin beharko den jauzia eta hartu beharko diren neurriak zehaztu dituzte.
Mantxolak aletu du txostena. Azaldu duenez, egun, 15.000 euskaldun inguru irabazten dira urtean Euskal Herri osoa aintzat harturik, baina hori ez da aski motelaldia atzean utzi eta biziberritze ziklo berri bat abiatzeko. Kontseiluak proposatutako erronkak kopuru hori bikoiztea, 30.000ra igotzea, planteatzen du. Honela, Euskal Autonomia Erkidegoan gaur egun urtero sortzen diren 13.000 euskaldunen kopurua 25.000 izatera pasa beharko litzateke; Nafarroan, egungo 1.500etatik 3.700era; eta Ipar Euskal Herrian, 440etatik 1.300era.
Erabilerari lotutako erronka ere finkatu dute: datozen hamar urteetan erabilera aitortuari dagokionean % 20ko langa gainditzea. "Ezinbestean, erronkak aldi berean ezagutzan eta erabileran eragiteko xedea du: ezagutza areagotzea erabilerarako aukerak biderkatu eta sendotzeko, eta erabilera igotzea, hizkuntzaren bizigarritasunaren berme ez ezik, ezagutzaren indartzaile izateko", esan dute.
Erronka "anbiziotsua" dela nabarmendu du Eskisabelek, baina "egingarria" dela sinetsita dago. Txostenean jasotako ibilbideak bost arlo estrategikotan jardutea planteatzen du:
Hezkuntza arautua
"Helburua da urtean 180.000 euskaldun oso gehiago lortzeko desafioari heltzea. EAEn horretarako tresna euskarazko ikasteredua orokortzea da, gaur egungo ereduen sistema gaindituz, eta euskara gutxien dutenek euskara gehiago jaso dezaten baliabide eta lanabesak eskainiz. Nafarroan, giltza murgiltze eredua % 40era hedatzea litzateke, eta horrekin batera, ikasle guztiek jasotzea, gutxienez, euskara ikasgai gisa. Ipar Euskal Herrian ere, Nafarroan bezala, euskarazko murgiltze ikastetxeen hedatzean dago gakoetako bat, eta, halaber, ikasle denen curriculumetan euskarazko ikasgaia txertatzean."
Helduen euskalduntzea
"Hamarkada batean 120.000 euskaldun oso gehiago sortzea da erronka: 100.000 EAEn, 14.800 Nafarroan eta 5.200 Ipar Euskal Herrian. Helburua lortzeko, ezinbestekoa izango da euskara-ikasketen doakotasuna, erakundeen eta gizarte-eragileen jarduna koordinatuko duen agentzia berri baten sorrera, pertsona migratuen harrera linguistikorako baliabide eta erraztasunak handitzea, eta lan munduan euskararen presentzia areagotzeko araudia eta plangintzak sustatzea".
Baliabideak
"Euskararen normalizaziorako hizkuntza-politiketara bideratzen diren diruetan ere jauzi bat ezinbestekoa da, larrialditik indarraldirako bidea egingo bada. Egun, Euskal Herriko hiru administrazioetako gobernuek, batez beste, aurrekontuaren % 0,45 bideratzen dute hizkuntza-politikara. Hala, eta hizkuntza politikaren ardura maila guztietako erakunde publikoetara zabaldu asmoz, bai gobernu, aldundi, udal zein bestelako organismoetara, inbertsioa Euskal Herriko aurrekontu kontsolidatuaren % 2ra igotzea da proposamena."
Arkitektura juridikoa
"Normalizazio eta biziberritze zikloa abiatuko duten hizkuntza-politikak bermez eta iraunkortasunez egin ahal izateko, euskarak ofizialtasun osoa behar du Euskal Herri guztian. EAEn egungo oldarraldi desofizializatzailea etetea ezinbestekoa da, eta arkitektura juridiko berriak saiatzea. Nafarroan, zonifikazioa gainditu eta euskara ofiziala eremu osoan izatea, eta Ipar Euskal Herrian ofizialtasun estatusa eskuratzea. Erronka handia dudarik gabe, baina euskaltzaletasun indartsu batek ekar dezakeena."
Euskarazko ekosistema
"Euskaraz bizitzeko behar diren baldintza errealak modu integral eta zeharkakoz eratzea; beste era batera esanda, euskarazko ekosistema oso bat: kulturan, aisialdian, ingurune digitalean, ehundura sozial osoan... Eta, jakina, horretarako politika publikoez gaindi ezinbestekoa izango da euskaltzaletasun aktibo, indartsu eta antolatua; ezinbestekoa izango da euskaltzale bakoitza jabetzea, ahalduntzea eta antolatzea. Azken batean, euskaltzaletasun aktibo eta antolatu hori izango da erronka gauzatu ahal izateko funtsa."
2036an jarri dute helmuga, baina abiapuntua ekainaren 13an ezarri du Kontseiluak; Iruñean egingo den Euskaltzaleon Martxara joateko deia egin dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Epailearen aurretik igarotzeko zain jarraitzen du Azpeitiko ustezko hiltzaileak
Ertzaintza haren bila ari zen asteartetik, eta azkenean, larunbat goizaldean, ustezko hiltzaileak bere burua entregatu du Ondarroako ertzain-etxean. Arma bat zeraman soinean, baina oraindik ez dute jakinarazi hilketan erabilitakoa ote den.
Ehunka lagunek harrera egin diote Freedom Flotillako ontziari Euskadin
Asteartera arte (hilak 8), Euskadin egoteko asmoa du. Egun horretan, Vigora abiatuko da, eta, ondoren, Mediterraneoko beste hainbat gunetara jarraituko du. Ontziak Bilbon egingo duen egonaldian, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, besteak beste, hitzaldiak, emanaldiak, Palestinako azoka eta flotillako aktibistekin prentsaurrekoa.
25 urteko emakume bat atxilotu dute Eltziegon, bikotekidea harrapatzea leporatuta
Etxeko indarkeriaren esparruan hilketa-saiakera delitua egotzi diote. Gertaera larunbat goizean jazo da, 07:30ak aldera. Atxilotua polizia-etxera eraman dute eta, eginbideak amaitu ondoren, epailearen esku utziko dute.
20 urteko mutil bat hil da Lekeitioko Antzar Egunean, hesi batetik erorita; ospakizuna bertan behera utzi dute
Gaztea portuan zegoen, antzarren proba jarraitzen, eta bi metro inguruko altueratik erori da. Milaka lagun bildu dira gaur Lekeition, eta ekitaldia normaltasunez ari zen garatzen istripua gertatu den arte.
4.000 pertsona inguru bildu dira Donostiako Sagardo Egunean
Gipuzkoako 32 sagardotegitako sagardoak dastatzeko aukera eskaini dute. Trikitilari eta bertsolarien musikaz girotu dute eguna. Une hunkigarrienetako bat Jabier Ansorena eta Marian Matasen omenezko ekitaldia izan da.
Irailaren 5a Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu dute Irunen
Irungo Udalak Tokiko Memoria Demokratikoaren Egun izendatu du irailaren 5a, Udaleko talde politiko guztien babesarekin. Kolpe militarra, gerra eta diktadura sufritu zituzten irundar guztiak oroitu dituzte gaur.
Ertzaintzak gizon bat atxilotu du Urdulizen, hiru pertsonari botilak jaurtitzea leporatuta
06:20 aldera jazo da erasoa, metro geltokitik gertu. 200 bat lagun bildu dira inguruetan. Atxilotua aurretik ere atxilotu dute antzeko gertakariengatik.
Behin-behineko espetxealdia ezarri diote Barakaldoko hilketaren susmagarriari
Barakaldoko lehen auzialdiko guardiako epaitegiak hartu du erabakia.
Hiru pertsona atxilotu dituzte Gernikan, 14 urteko neska haurdun bat ezkontzera behartzea egotzita
Hiru atxilotuak (adingabearen gurasoak eta 27 urteko gizon bat) behin-behinean aske utzi ditu epaileak. Hala ere, auzitegira joan beharko dute deitzen dituztenean. Halaber, 17 urteko mutil baten bila ari dira, haurraren ustezko aita, baina ez dute aurkitu.
Datorren astean hasiko dira Topoaren lurpeko pasanteko trenen probak
Azpiegitura Gabonetan egongo da erabiltzaileko prest, Eusko Jaurlaritzaren aurreikuspenen arabera.