Aita santua Elizak egindako sexu abusuen biktimekin bilduko da arratsaldean
Madrilen egingo duen azken egunean batzartuko da Leon XIV.a biktimekin, Kongresuan hitzaldia eman eta gero.
Leon XIV.a aita santua. Argazkia: EFE
Leon XIV.a aita santua sexu abusuen biktimekin bilduko da astelehenean, 16:15ean, Madrilen, Nuntziaturaren egoitzan, horren berri izan duten iturriek baieztatu dutenez.
Vatikanoko prentsa bulegoak iragarri zuen aita santua biktimekin biltzekoa zela. Madrilera egin behar zuen bidaiaren bezperan egin zuen Vatikanoak iragarpena, baina ez zuen jakinarazi hitzordua non eta noiz izango zen.
Azkenean, bihar izango da, Madrilen, Leon XIV.ak Kongresuan hitzaldia eman eta gero.
Abusuen biktimen elkarte nagusiek salatu dute aita santuaren bisitan ez dutela parte hartu, eta beldur dira Madrilgo artxidiozesiak abian jarritako Repara proiektuan parte hartu duten pertsonekin soilik bilduko ote den aita santua.
Madrilgo artxidiozesiak antolatu zuen 2020an Repara, biktimei laguntzeko eta Elizarekin lotutako sexu abusuei, abusu espiritualei eta kontzientzia abusuei erreparazioa emateko.