Suteek eragindako kutsaduragatik, Madrilen aire zabalean ez egoteko eskatu du Osasun Ministerioak
Airean esekita dauden mikropartikula kutsatzaileen kontzentrazioak aise gainditzen du Madril ia osoan Osasunaren Mundu Erakundeak onargarritzat jotzen duena.
Suteek eragindako kea Espainiako hiriburura heldu da. Argazkia: EFE.
Monica Garcia Espainiako Osasun ministroak Madrilgo suteetatik gertu dauden eremuetan aire zabalean ez egoteko eskatu du, airearen kalitatea txarra baita; izan ere, 2,5 mikra edo tamaina txikiagoa duten partikula kutsatzaileak atzeman dituzte airean esekita.
Garciaren esanetan, Osasunaren Mundu Erakundeak gehienez ere onargarritzat jotzen duena baino askoz ere gehiago atzeman dituzte Madril hiriburuan eta inguruetan, eta etxetik atera behar izanez gero, FFP2/95 maskarak eta babes-betaurrekoak erabiltzeko eskatu du.
Era berean, Osasun Ministerioak gomendatu du osasun laguntza eskatzeko arnasa hartzeko zailtasunak, bularreko mina edo aire falta izanez gero, eta pertsona kalteberei adi egoteko, iturri ofizialen bidez informatuta egoteko eta larrialdi-zerbitzuen jarraibideei kasu egiteko.
Zeru marroia
Kearen eta afrikar jatorriko aire-masaren ondorioz, Madrilgo zerua marroi kolorez esnatu da gaur, eta erre usaina dago denean. Hori dela eta, beharrezkoa ez bada, bidaiarikk ez egiteko eta lasai egoteko eskatu dute.
Barruko espazioei dagokienez, agintarien esanetan, etxebizitza fresko mantendu behar da, ateak eta leihoak itxi behar dira kea ez sartzeko eta ez da hautsa astindu behar, partikulak airean ez zabaltzeko.