25 urteko kartzela zigorra berretsi du Auzitegi Gorenak Nelson David Morenorentzat, hilketa, lapurreta eta iruzurra egotzita
Bizkaiko Auzitegiak eta, ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak errudun jo zuten Nelson David Moreno, eta gaur, astelehenarekin, Auzitegi Gorenak gaitzetsi egin du akusatuaren defentsak epaiaren aurka jarritako kasazio errekurtsoa.
Auzitegi Goreneko Zigor Arloko Salak 25 urte eta erdiko kartzela zigorra berretsi du Nelson David Morenorentzat, Bilbon, 2021eko urrian, gizon bat hiltzea egotzita.
Bizkaiko Auzitegiak eta, ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak errudun jo zuten Nelson David Moreno, eta gaur, astelehenarekin, Auzitegi Gorenak gaitzetsi egin du akusatuaren defentsak epaiaren aurka jarritako kasazio errekurtsoa.
Esan bezala, 2021eko urriaren 17an gertatu zen hilketa, Bizkaiko hiriburuan. Homosexualak ezagutzeko aplikazio baten bidez izan zuen biktimaren berri. Harekin geratu, eta behin gizonaren etxean zeudela ito egin zuen, eta 3.000 euro lapurtu zizkion, hil eta minutu gutxira.
Azken ebazpen horren ostean, Nelson David Morenok laugarren zigorra jaso du, eta oraindik prozesu judizial luzea du aurretik. Izan ere, epaiketetako batean lekuko den ertzainetako batek adierazi zuen ikerketan lanean ari den taldeak gizon homosexualen zazpi hilketarekin lotzen duela Nelson David Moreno.
Era berean, 156.000 euro ordaindu beharko dizkie biktimaren senitartekoei, epaiaren arabera.
Beste zigorrak
Lehen epaiketan 10 urteko zigorra ezarri zioten, 2021eko abenduan homosexualentzako zita-aplikazio baten bidez ezagutu zuen gizon bat hiltzen saiatzeagatik.
Bigarrenean, bi urte eta hiru hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten delitu ekonomikoengatik eta hilketa batengatik.
Hirugarren epaiketan, 25 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, 2021eko urrian 43 urteko musika irakasle bat hiltzeagatik.
Udazkenean bi epaiketa gehiago ditu, beste bi hilketa leporatzen baitizkiote. Nolanahi ere, ikertzaileek zazpi heriotzarekin lotzen dute, eta, beraz, Nelson David Morenoren bide judiziala hasi baino ez da egin.