Espainiako Gobernuak preskripzio epea zabaltzeko legea blokeatu duela salatu dute Elizaren abusuen biktimek
Reparacion Integral Ya (RIYA) elkarteak Leon XIV.a aita santuari eskatu dio pederastia delituen preskripzio epeak luzatzearen alde egiteko. Halaber, Felix Bolaños Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroak Kongresuan agerraldia egin dezala eskatzeko galdegin die talde parlamentarioei.
Reparacion Integral Ya elkartearen elkarretaratzea Nuntziatura apostolikoaren aurrean, Madrilen. Artxiboko argazkia: EFE
Elizaren sexu abusuen biktimen Reparacion Integral Ya (RIYA) elkarteak astelehen honetan salatu duenez, Espainiako Gobernuak preskripzio epea zabaldu asmo duen legea geldiarazi du Pedro Sanchez gobernuburuak Leon XIV.a aita santuarekin argazkia ateratzearen truke.
Hori dela eta, talde parlamentarioei eskatu die Felix Bolaños Presidentetzarako eta Memoria Demokratikorako ministroaren agerraldia egitea eskatu dezatela Kongresuan. Miguel Hurtado RIYA elkartearen bozeramaileak azaldu duenez, eskaera egingo dutela adierazi diete talde parlamentario batzuek.
Bestalde, RIYA elkarteak Leon XIV.a aita santuari eskatu dio pederastia delituen preskripzio epeak luzatzearen alde egiteko. "Urrezko bi aukera ditu: gaur egin dezake, Diputatuen Kongresuan, ala asteazkenean egin dezake, Montserrateko abadiara doanean, Kataluniako Elizaren sexu-abusuen zero gunean", azpimarratu du.