Urriaren 7a jaieguna izango da 2027an, lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrenaren omenez
Urteurrena oroitzeko 40 ekimen baino gehiagoko agenda antolatu du Jaurlaritzak eta, besteak beste, solasaldiak, erakusketak, kultur eta kirol ekitaldiak egingo dira urte osoan zehar. Horien bidez, Agirre lehendakariaren eta bere lantaldearen ondarea gogoraraziko da eta Gobernu haren sorreraren oinarri izan ziren demokrazia, askatasuna eta justizia sozialaren balioak etorkizunerantz proiektatuko dira.
Euskadik lehen Eusko Jaurlaritzaren 90. urteurrena ospatzeko era guztietako 40 ekitaldi baino gehiago izango dituen agenda prestatu du, eta 2027ko urriaren 7a jaiegun izendatu du. Astearte honetan, Ajuria Enean egindako ekitaldi batean, Imanol Pradales lehendakariak urteurren hori ospatu eta oroituko duen agenda aurkeztu du. Uda honetan bertan hasiko dira ekitaldiak.
Jose Antonio Agirre lehendakaria buru izan zuen lehenengo Eusko Jaurlaritza 1936ko urriaren 7an eratu zen, Autonomia Estatutua onartu eta egun batzuetara. Gernikako (Bizkaia) Batzar Etxean egin zen osaketa ekitaldia eta Agirrek Gernikako Arbolaren azpian egin zuen karguaren zina. Egun hori oroitzeko, Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak 2027ko jaiegunen EAEko egutegian urriaren 7a sartzea erabaki du.
Ekitaldien berri emateko hitzartzean, Imanol Pradales lehendakariak gogora ekarri du lehen Eusko Jaurlaritza berezia izan zela, gai izan zelako "frankismoaren mehatxupean itxaropen, humanismo eta elkartasun proiektu bat eraikitzeko, 90 urte geroago indarrez distira egiten duena".
Halaber, eredugarritzat jo eta orduan egindakoa goraipatu du "erradikaltasunaren aurrean moderazioa irudikatzeagatik", eta azpimarratu du bere lanak "blokeak eta blokeoak, populismo eta autoritarismo forma berriak eta klima aldaketa, migrazioak eta gizarte-arrakalak erronka dituen mundu" honi aurre egiteko ere balio duela.
Lehendakariak esan du "gerra kabinetea baino askoz gehiago" izan zela, "zerbitzu publikoak garatzeko, kultura eta euskara indartzeko eta garai hartarako gizarte politika aurreratuak bultzatzeko" gai izan zelako.
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritza hura oroitu eta oroituko duten ekitaldi guztiek Agirre lehendakariaren eta haren lantaldearen ondarea ekarriko dute gogora, eta Gobernu haren sorreran inspirazio izan ziren demokrazia, askatasun eta justizia sozialaren balioak proiektatuko dituzte etorkizunera.
40 ekitaldi baino gehiago 2027ko uda arte
Uda honetan bertan hasiko da lehen Eusko Jaurlaritza hura omenduko duten ekitaldien agenda eta urtebetez luzatuko da. 40 ekimen baino gehiago izango ditu, baina “agenda irekia izango da eta urte osoan zehar nobedadeak" izango dira. Eusko Jaurlaritzak 90urte.euskadi.eus webgunea jarri du abian, unean uneko informazioa emateko.
Bost esparru nagusiren inguruan egituratuko da programazioa: memoria historikoa eta sozializazioa; dimentsio kulturala; nazioarteko proiekzioa; entretenimendua eta elementu herrikoiak, eta orainari eta etorkizunari buruzko eztabaidak.
Ekitaldi batzuen datak zehaztuta daude. Horien artean, honakoak dira lehendabizikoak:
- 2026ko uztailaren 13 eta 14an: Autogobernua 90 urte geroago. Tradizioa, berrikuntza eta europar horizontea izeneko udako ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian.
- 2026ko uztailaren 14an: Jose Antonio Agirre Lehendakariari eskainitako jardunaldia New Yorken, Agirre Lehendakari Centerrek eta Columbiako Unibertsitateak antolatuta.
- 2026ko uztailaren 26an: TKE Ligako Getxoko estropada Agirre lehendakariaren omenez izango da.
- 2026ko irailaren 8an: Euskal Diasporaren Eguna urteurrenari eskainia izango da.
- 2026ko urriaren 2an: Ikurrinaren ofizialtasunaren 90. urteurrenaren oroitzapena Gasteizen.
- 2026ko azaroaren 14an: Ertzaintzari omenaldia eta Ertzaña osatu zutenei aitortza.
Era berean, oraindik data zehatzik ez duten ekitaldi eta ekintza ugari lantzen ari dira. Horien artean, honako hauek aipa daitezke:
- Euskal Futbol Selekzioak urrian edo azaroan jokatuko duen partidak autogobernuaren lorpenak ekarriko ditu gogora.
- Lehen Eusko Jaurlaritza. Eusko Lur gainean zutunik dokumentalaren estreinaldia 2026ko urrirako aurreikusten da.
- Lehen Eusko Jaurlaritzari, haren kideei, haren politika publikoei eta mugarri nagusiei buruzko dibulgazio-erakusketa.
- Xabier Irujo eta Garikoitz Mendizabalen Gernika Anabasa ikuskizun musikalaren estreinaldia, 2027ko udaberrirako aurreikusten da.
Imanol Pradales lehendakariak 2027ko uda arte egingo diren ekitaldi hauetan parte hartzera animatu du euskal gizartea, “izan ginenetik izan nahi dugunera" bidea egiteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Erandioko birziklatze enpresa batean sutea izan dela eta, Osasun Publikoak airearen neurketak egin behar izan ditu
Sua igande goizaldean piztu da, material elektronikoa eta hondakin-materiala erre ditu, eta, ondorioz, ke-hodei beltza sortu da.
Kontrolik gabe jarraitzen du Vall d'Uixóko suteak
Eguraldiak hobera egin du gauean, eta kontrolguneak indartu dituzten arren, suak aktibo jarraitzen du. Milaka pertsona ebakuatu dituzte.
Tuterako jaietan adingabe bati egindako bortxaketa ikertzen ari dira
Ustezko erasotzailea identifikatu dute jada. Biktimak oraindik ez du salaketa aurkeztu, baina gertatutakoa ikertzen ari diren agenteek esan dute laster egin dezakeela.
Fiskaltzak baztertu egin du Pablo Ibar kasuan lekuko berri bat galdekatzea
Jatorri euskalduna duen presoaren defentsak hura errugabetu lezakeen lekukotza du, eta alegazioak aurkeztuko ditu epaileak prozesu berri bat ireki dezan.
Biscarrosse, arimarik gabeko herria: suak etxeak suntsitu eta bazterrak belztu ditu
Guztira 18.000 bat herritar bizi dira bertan, eta etxetik irteteko agindu diete denei. Suak eragindako kalte materialak agerikoak dira. Etxeak erreta, suntsituta, eta han eta hemen, bazterrak belztuta.
UMEk kontrolatutzat jo du Madril eta Avila arteko sute handia, baina oraindik badira su-gune aktiboak
Baldintza meteorologikoek hobera egin dute, eta horri esker aurrera egin dute sua kontrolatzeko lanetan. Suteak 45.000 hektarea ingururi eragin dio, eta ia 100.000 pertsona daude ebakuatuta edo konfinatuta.
Madrilgo eta Avilako suteek 88.500 pertsona ebakuatzera edo konfinatzera behartu dituzte
Suteek ia 45.000 hektarea kiskali dituzte. Espainiako Gobernuak Toledoko probintziara zabaldu du suteengatik ezarritako larrialdi nazionala. Marlaska ministroak gau "oso zaila" iragarri du, suteen "batasun teknikoaren" ostean.
Pertsona bat hil da eta bost ospitaleratu dituzte sute baten ondorioz Manisesen
Sua larunbatean piztu da, 12:45 aldera, sasi-eremu batean. Suhiltzaileen arabera, sua egonkortu dute jada.
Zornotzan istripua izan eta hil den txirrindulari bati gertatutakoaren lekuko bila ari da Ertzaintza
Istripua larunbat goizeko lehen orduan gertatu da, eta pertsona batek aurkitu du txirrindularia errepidean botata. Zauritua larri eraman dute Gurutzetako Ospitalera eta bertan hil da handik ordu batzuetara.
Galarren piztutako sutea itzali dute jada
Suhiltzaileek erabat itzali dute Galarko zelai batean piztutako sutea. Getze Galarko etxeetatik metro gutxira iritsi da sua.