Lau segurtasun kamera suntsitu dituzte Gasteizko Alde Zaharrean
Gasteizko Udalak adierazi duenez, erasoak ostiralean hasi ziren eta astelehen gauean jarraitu dute, eta milaka euroko kalteak eragin dituzte.
Delitugileek sare sozialetan zabaldutako irudiak.
Gasteizko Udaltzaingoa Alde Zaharreko bideozaintza-sistemako lau kameraren kontrako badalismoko ekintzak ikertzen ari da. Lehen estimazioen arabera, kalteak milaka eurokoak dira.
Udal iturriek adierazi dutenez, erasoak joan den ostiralean hasi ziren, eta kamerak pintura beltzez estali zituzten. Astelehen gauean, ordea, sabotajeekin jarraitu zuten, eta kamerak suntsitu egin zituzten, mailuak eta erratzak erabiliz. Era berean, Emisio Gutxiko Eremurako (EGE) sarbideak kontrolatzen dituzten kameren kontra ere egin zituzten erasoak.
Hala Bedik jakitera eman duenez, zenbait anonimok "kontrol sozialaren aurka" egindako sabotajea da.
Cesar Fernandez de Landa Herritarren Segurtasuneko zinegotziak ekintzak "erabat gaitzesten" dituela adierazi du, eta gaineratu du "horrelakoak egiten dituena delitugilea besterik ez" dela. Udaltzaingoa informazioa biltzen ari da sabotajearen egileak identifikatzeko.
Udal taldeen adierazpena
Gasteizko Udalak PSE-EEk, EAJk eta PPk sinatutako adierazpena kaleratu du arratsaldean. Deklarazioan, ekintza irmoki gaitzetsi dute. Legez kanpoko jokabideak normalizatzeko eta ondasun publiko eta kulturala suntsitzeko kontakizun bat sortzen dabilela gaitzetsi dute. Azkenik, Gasteizko herritarrei dei egin diete gisa honetako dinamikak argi eta garbi baztertzeko.
Bestalde, EH Bilduk adierazi du sabotajea "erabat gaitzesten" duela. Hala ere, kamera horien instalazio-prozedura auzoko bizilagun, ostalari eta merkatariekin aldez aurretik adostu behar dela adierazi du, Alde Zaharreko bizilagunen pribatutasuna bermatzeko.