EGUZKI EKLIPSEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Gaztelugatxerako sarbideak itxita egongo dira eklipsearen egunean, arratsaldetik aurrera

Natur gunearen inguruan jendetza biltzea espero da, fenomeno astronomikoa ikusteko. Hori dela eta, segurtasun operatibo berezia aktibatuko dute Bizkaiko Aldundiak eta Bakioko eta Bermeoko udalek.

 

julen_iturbe_gaztelugatxe_bermeo

Gaztelugatxeko Doniene, artxiboko irudi batean. Argazkia: Julen Iturbe

Gaztelugatxeko Donienerako sarbideak itxita egongo dira abuztuaren 12ko eguzki eklipsearen egunean, arratsaldeko lehen ordutik aurrera. Goizeko txandetarako erreserba dutenek bakarrik egin ahal izango dute bisita, eta horiek amaitutakoan, ingurua hustu egingo da. Operatibo berezia jarriko dute martxan Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bakioko eta Bermeoko udalek, elkarlanean. 

Gaur zabaldutako ohar batean, Aldundiak esan du operatiboaren helburua pertsonen segurtasuna bermatzea, natura-ingurunea babestea eta sarbideen eta mugikortasunaren kudeaketa erraztea dela, datorren asteazkenean jendetza biltzea espero baita. 

Zehazki, Urizarretatik eta Ermutik mugatuko da sarrera. Leku horietan, kontrol-guneak ezarriko dira, natur-gunera inor ez sartzeko eta dispositiboak behar bezala funtzionatzen duela bermatzeko.

Bizkaiko Aldundiko Ingurumen departamenduko basozainen zerbitzuak koordinatuko du operatiboa, Ertzaintzarekin eta Bakioko eta Bermeoko udaltzaingoekin batera.

Ahal den neurrian, abuztuaren 12an joan-etorriak saihesteko deia egin diete herritarrei erakundeek. 

Mende bat baino gehiago da Euskal Herrian ez dela eklipse osorik ikusten. 19:30ean hasiko da fenomeno astronomikoa, eta 20:30 aldera izango da puntu gorena. 

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X