Gizon batek bikotekide ohia, 44 urteko emakume bat, hil du Murtziako merkataritza-gune batean
Halaber, 45 urteko emakume bat hiltzeagatik Benahavisen (Malaga) atxilotutako gizonak aitortu du hiltzailea dela, ihesaldian idatzi eta lagun baten etxeko atarian utzi zuen ohar batean. Horrek idatzia aurkitu eta Guardia Zibilari eman dio.
Hilketa matxista Murtzian. Argazkia: EFE
Gizon bat atxilotu dute Murtziako Puerto Lumbreras herrian, Murtziako merkataritza-gune batean bikotekide ohia, 44 urteko emakume bat, labankadaz hiltzea egotzita. Guardia Zibilak egin du atxiloketa, Espainiako Poliziarekin koordinatuta.
Atxiloketa 00:15ean izan da, Puerto Lumbrerasen, ustezko hiltzailea Granadara zihoanean.
Murtziako Eskualdeko Justizia Auzitegi Nagusiak (TSJMU) jakitera eman duenez, "giza hilketa eta kondena urratzea" delituak leporatzen dizkiote, tratu txarrengatik zigortua izan zelako eta emakumearengandik 500 metro baino gutxiagora hurbiltzea debekatzen zion urruntze-agindua ezarri ziotelako.
Magistratuak, gainera, bikotearen "alaba adingabearen tutoretza behin-behinean" Murtziako Eskualdeko Gobernuaren "erakunde publiko eskudunari" egotzi dio, "bidezko babes-neurriak" aplika ditzan.
Benahavisen atxilotutako gizonak hilketa aitortu du
Bestalde, 45 urteko emakume bat hiltzeagatik Benahavisen (Malaga) atxilotutako gizonak aitortu du hiltzailea dela, ihesaldian idatzi eta lagun baten etxeko atarian utzi zuen ohar batean. Horrek idatzia aurkitu eta Guardia Zibilari eman dio.
Biktima uztailaren 21ean aurkitu zuten bere etxebizitzan, lepoan zauri sakon bat zuela. Aurretik, auzokide batek 112 telefonora deitu zuen laguntza-oihuak entzutean. Ikerketari esker, susmagarria 10 egun geroago aurkitu dute, mendian ezkutatuta. Agenteek inguratutakoan, lepoan ebaki bat egin du. Osasun arloko langileek artatu ondoren atxilotu dute.
Atxilotuak eta biktimak harreman sentimentala izan zuten 2018 eta 2020 artean, eta, urte batzuk geroago berriro kontaktuan jarri ondoren, etxebizitza partekatzen zuten. Guardia Zibilak hilketa eta sexu-eraso delituak egotzi dizkio, genero-indarkeriaren alorrean.
Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.