San Mamesen eta garraio publikoan aldaketak egiteko eskatu zion FIFAk Bilbori
Udalak berretsi egin du 2030ean jokatzekoa den Munduko Txapelketako egoitza izan nahi duela, baina "ez edozein preziotan".
Bilboko Udalak azaldu du FIFAk aldaketak eskatu dituela garraio publikoan eta San Mamesko azpiegituran, Bizkaiko hiriburua 2030eko Munduko Futbol txapelketako egoitza izan dadin.
"Anbizioa dugu, bai, baina herritarren interesak defendatu nahi ditugu", adierazi du Concepcion Claver Bilboko Udaleko zinegotziak, Elkarrekin Taldeak galdetuta. "Baietz esan diogu Munduko Txapelketari, baina ez edozein preziotan", laburbildu du.
FIFAren konfidentzialtasun klausulek galarazi egiten dute negoziazioari buruzko datu zehatzik ematea, baina egoitza izateko baldintzak "neurrigabeak" direla nabarmendu du zinegotziak.
Hori bai, bi pista utzi ditu Claverrek: FIFAk aldaketak egin nahi ditu garraio publikoan eta San Mamesko azpiegituran. Eskaera horien inguruko zehaztasunak, baina, ez ditu publiko egin.
Negoziazioa, 2026ko Txapelketaren ostean
2024an, FIFAk Espainia, Portugal eta Maroko izendatu zituen 2030eko Munduko Kopa antolatzeko, eta, une horretan bertan, Bilbok interesa agertu zuen egoitza izateko, baina "marra gorri batzuk" jarrita.
Dena dela, aurtengo martxoan FIFAk San Mames bisitatu zuenean, euskal erakundeek egiaztatu zuten nazioarteko futbol erakundeak ez zituela "kontuan hartu" baldintza horiek.
Horregatik, erakundeek Bilbo-Donostia egoitza bateratua proposatu dute orain, estadio bakoitzak bina partida har ditzan.
Nolanahi ere, FIFAk jakinarazi die ez duela proposamen hori aztertuko hasi berri den Munduko Txapelketa bukatu arte.