ALERTA LARANJA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Iganderako aurreikusitako hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte, bero handia dela eta

Bilbon, hiribilduaren sorreraren 726. urteurrenaren desfile ofiziala ez dute egingo. Bestalde, Gogorak bertan behera utzi du Artxandan egin behar zuen gudari eta milizianoen omenaldia. Sopelan, Kosta Trail mendi lasterketa bertan behera geratu da, eta Barakaldon hainbat ekitaldi moldatu dituzte. 

Kosta Trail lasterketa, 2024ko edizioan, aurten bertan behera geratu dena. Argazkia: Europa Press

Sargori egingo du igandean, eta iragarpena kontuan hartuta, muturreko tenperatura altuengatik alerta laranja ezarri du lurralde osoan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Hain justu, ekainaren 21erako aurreikusita zeuden hainbat ekitaldi bertan behera geratu dira, prebentzio neurri gisa. Oraingoz, bi dira bertan behera utzi dituztenak, biak Bilbon. Batetik, Bilboko Udalak jakinarazi du ez dela egingo Gau Zuriaren desfile ofiziala. Bestetik, Gogorak atzeratu egin du Artxandan urtero egiten den gudariei omenaldia. 

Bilboko Udalak ohar bidez jakinarazi du hiribilduaren sorreraren 726. urtemugako egitarauaren azken ekitaldia. Zehazki, ez dute egingo Bilboko alkatea eta udalbatza buru izaten dituen desfile ofiziala. Desfilea udaletxetik abiatu, eta Diego Lopez de Haroren estatuaren parean bukatu behar zen. Bertan, lore-eskaintza eta euskal dantzen erakustaldia egitea zegoen aurreikusita, baina, esan bezala, aurten ez da halakorik egingo. 

Bestalde, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak erabaki du beste egun batean egingo duela euskal gudari eta milizianoen urteroko omenaldia. Ekitaldia Gogorak, Bilboko Udalak eta elkarte memorialistek egin ohi dute Artxandan, 'Aterpe 1936' eskulturaren ondoan. Aurrerago zehaztuko dute noiz egingo duten. 

Barakaldoko Udalak, bere aldetik, bertan behera utzi du udal musika bandak eguerdian egin behar zuen kontzertua, eta igandero egin ohi duten dantzaldia 18:00etara atzeratu dute. Halaber, dei berezia egin die Zuazo-Arteagabeitia, Llano eta Urbaneko jai batzordeei, antolatutako ekintzak molda ditzaten. 

Sopelan (Bizkaia), Kosta Trailaren 20. edizioa bertan behera utzi dute antolatzaileek. Webgunean zehaztu dutenez, "parte-hartzaileen, boluntarioen eta laguntzaileen segurtasuna eta osasuna lehenetsi" du erabakia hartzeko orduan.

Osakidetzaren igandeko proba, bere horretan

Osasun Sailak jakinarazi duenez, sareetan informazio faltsua dabil esanez erizaintzako lan eskaintza publikoaren proba bertan behera geratu dela. Kontrara, azterketa aurreikusita zegoen bezala egingo dute. Dena dela, proben garapenean eragina izan dezakeen edozein aldaketa izanez gero, Osakidetzak bere kanal ofizialen bidez jakinaraziko duela gogorarazi du.

Zabaldu duten mezu faltsuaren pantaila irudia. Osasun Saila

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Babeslekurik eta janaririk gabe: migrazio-krisiak gainezka utzi du Ceutako migrazio-zentroa, eta GKEak ere gainditu egin ditu

Atzerritarrentzako Aldi Baterako Egonaldi Zentroa gainezka dago azken egunotan. Marokotik zein Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialdeetatik —Sudanetik eta Txadetik, besteak beste— iritsitako ehunka migratzaile Trampolin hondartzan eta migrazioa-zentroaren kanpoaldean daude zain, tokirik ez dutelako. Bien bitartean, migrazio-presioak GKEak ere gainditu egin ditu. Haien lehentasuna iritsi zirenetik jan barik dauden migratzaileei janaria ematea da, eta, gainera, haien eskubideei buruzko informazioa ematen diete.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X