SUTEA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hainbat pertsona artatu dituzte Gasteizko lantegi abandonatu batean izandako sutean kea arnasteagatik

Sua 10:30 inguruan piztu da, URSSA fabrikaren eraikin zaharrean, eta suhiltzaileak, Ertzaintzako agenteak eta osasun-langileak bertaratu dira. 44 urteko emakume bat atxilotu dute ustez sutea eragin duelakoan.

Suaren arrastoak lantegiaren fatxadan. Argazkia: EITB Suaren arrastoak lantegiaren fatxadan. Argazkia: EITB

20 eta 43 urte bitarteko zazpi pertsona pertsona artatu dituzte Gasteizen, Adurtza auzoko URSSA enpresaren lantegi abandonatuan piztutako sutean kea arnasteagatik. Horietako bi Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan dituzte. Dozenaka pertsona migratzaile bizi dira eraikin horretan. 

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 10:30 inguruan piztu da sua, eta Ertzaintzako agenteak, suhiltzaileak eta osasun-langileak bertaratu dira.

Sutea itzali ondoren, eraikinaren barruan ez zegoela inor egiaztatu dute Larrialdi Zerbitzuek. Prebentzio-neurri gisa, baina, 30 bat pertsona atera dituzte eraikin nagusitik eta atzealdetik.

Sutearen jatorriari buruzko lehen ikerketak egin ondoren, 44 urteko emakume bat atxilotu dute, sua berak piztu duelakoan. Atxilotua Gasteizko ertzain-etxera eraman dute, beharrezko izapideak egiteko.

Eraikina itxi dute, eta Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren patruilak zaintza-lanetan geratu dira bertan, inor barrura sar ez dadin.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X