Anne Baskaran Egido gasteiztarraren "Zuriaren, zure, gure... jaiak" izango da aurtengo Gasteizko jaietako kartela
Egileak azaldu du kartelak "Gasteizko jaiak bizitzeko dauden modu anitzak" islatu nahi dituela.
Anne Baskaran Egido gasteiztarrak egindako Zuriaren, zure, gure... jaiak kartelak irabazi du Gasteizko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak deitutako aurtengo Andre Maria Zuriaren jaiak iragartzeko kartel lehiaketa, eta abuztuaren 4tik 9ra ospatuko diren festetako irudia izango da.
Sonia Diaz de Corcuera Kultura eta Hezkuntza zinegotziak aurkezpenean azaldu duenez, "kartela inklusiboa, askotarikoa eta oso gurea da. Jaietako hainbat elementu bereizgarri biltzen ditu, jaien bereizgarri direnak eta paregabeko bihurtzen dituztenak. Baina ez ditu gure jaiak bakarrik islatzen; hiria bera ere irudikatzen du".
Era berean, nabarmendu duenez, "lehiaketaren irabazlea eta kartela diseinatzen duena gasteiztarra denean, beti da berezia, Andre Maria Zuria bertatik bertara ezagutzeaz gain, osagai emozionalagoa duelako".
Bestalde, Anne Baskaran egileak azaldu du kartelak "Gasteizko jaiak bizitzeko dauden modu anitzak" islatu nahi dituela. "Hainbat eszenaren bidez, gozatzeko modu askotarikoak erakusten dira: txistua eta danbolinarekin musikaz gozatzen, neska eta blusa jantziarekin, abuztuaren 5eko lore eskaintzan parte hartzen, eta Farolen Prozesioan, une enblematikoak denak", azaldu du.
Kartelaren ideia nagusia da "jaiak guztionak" direla eta horiek "bizitzeko modu bakarra" ez dagoela transmititzea. "Bakoitzak bere erara egin ditzake", gaineratu du.
Guztira 49 egilek aurkeztu dute txostena kartel lehiaketan parte hartzeko. Lehen fasean, epaimahaiak bost finalista hautatu zituen, eta horietako bakoitzak 500 euro jasoko ditu. Bigarren fasean, aurkeztutako bost kartelen artean Anne Baskaran Egidorena izan da irabazlea eta 2.000 euroko saria jasoko du.