Biarrizko itsasargiko erlaitza erori da, eta, ondorioz, pertsona bat hil da eta beste bat agertu barik dago
Asteazken arratsaldean Biarrizko Miramar hondartzaren eta itsasargiaren ondoan luizia izan da. Inguruan zeuden bi pertsonetako baten gorpua atera dute larrialdietako taldeek.
Desagertutako pertsona bat bilatzeko lanetan jarraitzen dute Biarritzen, Lapurdiko herriko itsasargiaren ondoan dagoen itsaslabar zati bat erori ostean.
Pirinio Atlantikoetako agintariek jakitera eman dutenez, luizia asteazkenean gertatu zen, 20:30 aldera, Biarrizko itsasargiaren azpiko gune batean, Miramar hondartzatik gertu. Itsaslabarraren zati handi bat itsasora erori zen, hainbat pertsona uretan zeudela, eguneko tenperatura altuen ondorioz.
Larrialdi-zerbitzuek biktimetako baten gorpua atera dute, eta operatiboak desagertutako bigarren pertsonaren bila jarraitzen du. Kaltetutako eremua hesituta dago eta ezin da inor sartu, beste abisu bat eman arte, erreskate-lanak errazteko eta segurtasuna bermatzeko.
Gainera, hirugarren pertsona batek onik ateratzea lortu zuen. Ospitalean dago, eta ez du zauri fisiko larririk.
Lekuko batzuek Sud Ouest egunkariari azaldu ziotenez, zarata handia entzun zuten luizia gertatu baino lehen. Batzuek "eztanda moduko bat" zela esan zuten. Istripua gertatu zen unean, hainbat lagun urtetan zeuden, bainua hartzen eta uretako jarduerak egiten, hala nola igeriketa, snorkel eta paddle surfa, kostaren inguruan.
Bilaketa lanek aurrera jarraitzen dute, eta larrialdi eta erreskate zerbitzuak operazioan daude. Agintariek itsaslabarraren inguruan ezarritako segurtasun perimetroa errespetatzeko eskatu diete herritarrei.