Espainiako Gobernuak etxebizitzari buruzko neurri sorta bat bultzatuko du, pisu turistikoen BEZa % 21era igotzeko
Besteak beste, sasoiko eta gelen alokairuen erregulazioa bultzatuko du, baita alokairuen ezohiko luzapenena ere.
Espainiako Ministroen Kontseiluak uztailean etxebizitzaren arazoari aurre egiteko neurri sorta onartuko duela erabaki du. Gobernuaren helburua da Diputatuen Kongresuan "akordio zabal" bat lortzea. Neurrien artean etxebizitza turistikoen gaineko BEZa % 21era igotzea dago.
Elma Saiz Gobernuaren bozeramaile eta Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio ministroak azaldu duenez, lege-dekretu bidez onartuko dute testua eta "anbiziotsua eta transbertsala" izango da. Helburua etxebizitza eskuratzeko arazoari ikuspegi integral batetik heltzea da.
Errege lege-dekretu bidez
Gobernua PSOEk eta Sumarrek adostutako errege lege-dekretua prestatzen ari da. Saizen arabera, legealdi honetan alderdi politikoek egin dituzten proposamenak bildu nahi dituzte, talde guztiek akordioan parte hartu ahal izan dezaten.
Gobernuaren bozeramaileak nabarmendu du etxebizitzarena dela adostasuna bilatzea gehien merezi duen gaia, herritarren kezka nagusietako bat delako. Horregatik, uztailean testua onartu ahal izateko talde parlamentarioekin lanean jarraituko dutela adierazi du.
Saizek gogorarazi du alokairu-kontratuen luzapenak jasotzen zituen dekretua indargabetu zen egun berean, apirilaren 28an, Isabel Rodriguez Etxebizitza ministroak alderdiekin harreman erronda abiatu zuela. Esan du harrezkero elkarrizketa etengabea izan dela, eta hala izaten jarraituko duela gaineratu. Aldi berean, PPri egotzi dio aspalditik etxebizitzaren arazoari irtenbidea bilatzeari uko egin izana.
Bi neurri multzo
Testuak bi bloke izango ditu. Lehenengoak alokairuen prezioa jaistea, kontratuei egonkortasuna ematea eta iruzurraren aurka egitea izango ditu helburu.
Besteak beste, denboraldiko alokairuak eta logelen alokairuak arautzea aurreikusten du. Halaber, alokairuen ezohiko luzapena ezarriko du, kontratu guztiak idatziz egitea derrigorrezkoa izango da, eta alokairuaren prezioa jaisten duten jabeek errentari lotutako hobariak izango dituzte.
Bigarren blokeak etxebizitza eskuragarrien eskaintza handitzea izango du helburu. Horren barruan sartzen dira etxebizitza turistikoen gaineko BEZa % 21era igotzea eta administrazio izapideak bizkortzeko neurriak.
Saizen hitzetan, etxebizitzaren arazoari akordioaren bidez baino ezin zaio irtenbidea eman.