Sexu erasoei aurre egiteko informazio gunea Gaztelu plazan zabalduko dute sanferminetan, beste urte batez
Foruzaingoak, Udaltzaingoak eta Guardia Zibilak elkarlanean segurtasun dispositiboa diseinatu dute, eta horren baitan alkohol eta droga kontrolak egingo dituzte Iruñeko sarbideetan.
"Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske" kanpainari buruzko informazio gunea uztailaren 5etik 14ra irekiko dute, Gaztelu plazan. Argazkia: EFE
San Fermin jaiak datorren astelehenean hasiko dira, eta beste urte batez 'Eraso sexistarik gabe, Iruñea aske' kanpainari buruzko informazio gunea zabalduko dute Gaztelu plazan, uztailaren 5etik 14ra bitartean (11:30etik 15:00etara eta 18:00etatik 00:00etara).
Joseba Asiron Iruñeko alkateak, Aitziber Campion Auzo, Herritarren Partaidetza eta Euskara zinegotziak, Txema Mauleon Gizarte Ekintzako zinegotziak eta Elian Peña Guerrero Iruñeko Udaleko Berdintasun zuzendariak informazio gunearen irekiera sinbolikoan parte hartu dute gaur goizean, Iruñean.
Informazio, sentsibilizazio eta prebentzio gunea ez ezik, entzute aktiborako eta sexu erasoak salatzeko erreferentziazko lekua da.
Ez da bere horretan biktimak laguntzeko zerbitzu bat, baina eskura dauden baliabideen inguruko informazioa eskainiko da bertan. Are gehiago, beharrezkoa bada eta emakumeak hala nahi badu, ahalmena izango du laguntza zerbitzuak eta protokoloak martxan jartzeko.
250 alkohol eta droga kontrol baino gehiago egingo dituzte
Foruzaingoak, Udaltzaingoak eta Guardia Zibilak 258 alkoholemia eta droga kontrol egingo dituzte Iruñean bertan eta hiriburu sartzeko sarbideetan, gaur goizean aipaturiko segurtasun indarrek elkarrekin eskaini duten prentsaurrekoan azaldu dutenez.
Alkoholemia eta droga kontrolez gain, abiadura kontrolatzeko radarrak eta matrikulak irakurtzeko gailu automatikoak jarriko dituzte ibilgailuek legea betetzen dutela egiaztatzeko. Gainera, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa gaindituta eta nahitaezko asegurua kontratatuta duten egiaztatuko dute agenteek.
Azaldu dutenez, aurreko urtetan 300 ibilgailu inguru geldiarazi izan dituzte sanferminetako testuinguruan egindako errepide kontroletan. Halaber, kezka agertu dute azken aldian droga proban positibo eman dutenen kopuruak nabarmen gora egin duelako.
Bestalde, sanferminetako segurtasun dispositiboaren baitan 2.700 agente baino gehiago arituko dira lanean.