Beroak ostirala arte iraungo du, baina ondoren ezegonkortasuna nagusituko da
Tenperatura altuengatik eta oso altuengatik ezarritako abisu horia ostiralera arte gutxienez luzatu du Eusko Jaurlaritzak, tenperatura maximoak 37º ingurukoak izango baitira Euskadin.
Tenperatura altu eta oso altuengatik ezarritako abisu horia ostiralera arte luzatu du Eusko Jaurlaritzak, gaurtik hasita, datozen egunetan 37ºC inguruko maximoak aurreikusten direlako.
Ostegunean, abisu horiak jarraituko du tenperatura altu iraunkorrengatik egun osoan, eta oso altuengatik 12:00etatik 20:00etara. Epe horretan termometroa 38ºC-ra irits daiteke Ebroren ardatzean, 37ºC-ra trantsizio-eremuan eta 33ºC-ra Kantauri barnealdean; kostaldean, berriz, 27ºC-ra.
Bestalde, AEMETek alerta laranja ezarri du Nafarroan ostegun honetarako, tenperatura altuak direla eta. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak erne ibiltzeko eskatu du, Foru Komunitateko ia lurralde osoan baso-suteak izateko arriskua "oso handia" edo "muturrekoa" baita, tenperatura altuen eta landarediaren lehortasunaren ondorioz.
40ºC-ra arteko tenperaturak espero dira Erdialdean eta Erriberan, eta gaur bertan 42ºC-ra irits daitezke Iruñeko zenbait tokitan. Egoera horren aurrean, suteak eragin ditzaketen jarduerak saihestea gomendatzen da, baita 14:00etatik aurrera nekazaritza-lanak eta landa-eremuko beste lan batzuk ez egitea ere.
Ezegonkortasuna areagotuko da
Ostiralean, antzeko eguraldia espero da goizean: tenperatura altu iraunkorren ondoriozko abisu horia mantenduko da egun osoan, eta tenperatura oso altuak izango dira 12:00etatik 20:00etara; Ebroko ardatzean, maximoak 35ºC ingurukoak izango dira.
Arratsaldetik aurrera, ordea, eguraldia aldatzen hasiko da, eta hodeitza areagotuko da. Horrek zenbait zaparrada eta ekaitz eragin ditzake, bereziki barnealdean. Nafarroan ere euri-zaparradekin batera ekaitzak sor daitezke, lurraldeko hainbat tokitan eragiteko aukerarekin.
Larunbatean, ezegonkortasuna areagotu eta tenperaturak jaitsi egingo dira. Zerua nahiko hodeitsu egongo da, eta tarteka euria eta zaparradak egin ditzake, batez ere ipar erdian. Gainera, ezegonkortasuna areagotuko denez, litekeena da ekaitzak tarteka izatea hegoaldeko zenbait tokitan ere.
Mendebal-osagaiko haizea nagusituko da, mendebal-ipar-mendebaldekoa, ahul edo ertaina. Tenperaturak nabarmen jaitsiko dira, eta barnealdeko zenbait tokitan ostiralekoak baino 8ºC baxuagoak ere izan daitezke maximoak.