"San Lorenzoren malkoak"
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Eklipsearen ostean, gera zaitez zerura begira: Pertseiden izar-jasa dator

Aurtengo Ilberriak bolido distiratsuagoak ikusteko aukera eskainiko du, aurreko urteetan baino argitasun handiagoarekin.

perseidas-cantabria-efe-2

Gaurko eguzki-eklipse oso historikoaren ondotik, zeruak beste ikuskizun bikain bat eskainiko digu: ilundu ondoren, Pertseiden izarrek edo "Done Laurendiren malkoek" zerua zeharkatuko dute.

Pertseiden fenomeno astronomikoaren une gorena abuztuaren 12tik 13rako gauean izaten da, 04:00etatik 06:00etara. Orduan igotzen da Pertseo konstelazioa zerumugan, eta meteoroen kopururik handiena izaten da.

Aurten ilberriarekin bat egiten du, eta, beraz, bolido distiratsuagoak eta aurreko urteetan baino argiagoak ikusi ahal izango ditugu. Zeru ilunean orduko 100 meteoro ikustea espero da, eta hiri-kutsadura arina dagoen inguruetan, berriz, orduko 40 meteoro.

Zer dira Pertseidak?

Pertseida izena Perseus izar-multzotik dator, izan iheskorrek Perseusen puntu edo erraditzailetik datozela diruditelako. Urtero, garai honetan, Lurrak Swift Tuttle kometaren orbita zeharkatzen du. Kometa hori 133 urtero kokatzen da Eguzkitik hurbil, eta bertatik gertu igaro zen azken aldia 1992an izan zen. Lurra eta kometaren arteko topaketan, kometak uzten dituen tamaina desberdineko hauts partikulak (batzuk harea-pikor bat baino txikiagoak dira), lurrazaleko atmosferan sartzen dira abiadura handiarekin, izar herratuak sortuz.

Nora joan Pertseidak ikustera?

Orokorrean, onena toki ilun bat aukeratzea da, argi-kutsadurarik ez duena eta eraikin eta zuhaitzak bezalako oztopoetatik urrun dagoena. Behaketa, beste astronomia zale batzuekin ere konpartitu dezakezu.

Fenomeno astronomiko honetaz gozatzeko lekurik onenetako batzuk Urkiolako Parke Naturala eta Serantes mendia dira Bizkaian; Izki eta Valderejoko Parke Naturalak, Gorbeiako Parke Naturala eta Garaioko Parkea Araban; eta Igeldo mendia Gipuzkoan. 

Zer eraman?

Pertseidak ikusteko ez da tramankulu berezirik behar, gure begiekin nahikoa da. Baina komenigarria da lagungarria izan daitezkeen zenbait objektu eramatea, adibidez, zeruko mapa bat, Perseus konstelazioa aurkitzeko baliagarria izango zaiguna. Izar-multzoak hiruki formako gorputza du, gorantz dauden bi hanka eta bi oin ditu, eta ezkerreko eskua altxatua du. Horretaz aparte, eroso egoteko, ondo legoke lozaku bat hartzea, burko bat, zapatila egokiak janztea eta berokiren bat eramatea. Nahiz eta uda izan, gauez tenperaturek behera egiten dutelako.

Zer egin dezaket Pertseiden argazkiak lortzeko?

Kometa eta Meteoroen Behaketaren Espainiako Elkarteak, SOMYCk, argazkiak nola ateratzeko argibide bat du eskuragarri bere webgunean. Adibidez, reflex kamera digital bat erabilita, komenigarria da argitasun handiko objektibo bat erabiltzea; eta tripode, aldatzeko bateria bat, kapazitate handiko txartela eta argazkiak automatikoki egiteko argazki kamera konfiguratzea lagungarria izango da.

Argazkiaren kalitatea ahalik eta hobea izateko, argazki kameraren sentsibilitatea (ISO) konfiguratu beharko da eta gaueko zeruak eskatzen dituen esposizio baldintzetara egokitu (argi-kutsadura, hodeiak…).

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X