Bi emakume hil eta bi adingabe zauritu dira Ponferradatik gertu (Leon) izan diren uholdeetan
19:30 aldera jaso dute gertatutakoaren berri larrialdi zerbitzuek. Sei pertsona harrapatu ditu uholdeak.
Gutxienez bi emakume hil dira eta bi adingabe arin zauritu dira larunbat honetan Manzanedo de Valduezan eta Bouzasen (Leongo Ponferrada udalerria) izandako uholde eta luizi baten ondorioz, Gobernuaren Ordezkariordetzatik eta udaletatik jakinarazi dutenez.
Ekaitz bortitz baten ondorioz, Oza ibaiak gainezka egin du eta Manzanedo de Valduezara eta Bouzasera iritsi den uholdea eta lur-jausia eragin ditu.
Uholdeak sei pertsona zeuden upategi bat urpean utzi du. Bi emakume heldu hil dira bertan eta bi adingabe artatu dituzte.
19:38 aldera jaso dituzte lehen abisuak 112 larrialdi zerbitzuan.
Ponferradako suhiltzaileak, Polizia Nazionala, Ponferradako Udaltzaingoa, Larrialdiak Koordinatzeko Zentroaeta tokiako GRIPDE zerbitzua ari dira lanean tokian bertan.
Babes Zibileko Agentziaren Larrialdiak Koordinatzeko Zentroak erreskate-helikopteroa aktibatu du. Osasun-larrialdiak - Sacyl- oinarrizko bizi-euskarriko bi anbulantzia (OBE) eta bizi-euskarri aurreratuko bi anbulantzia (BEA) eta etengabeko arreta-guneko medikuak (EAG) bidali ditu.
Zure interesekoa izan daiteke