IRUZURRA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak

Apirila eta iraila bitartean 98 salaketa jaso ditu hoteletan erreserbak egin zituzten pertsonei diru-transferentziak eskatuz egindako iruzurrarengatik. Oraingoz, guztira 57.000 euro baino gehiagoko iruzurra egin da. 

Ertzaintzaren Zibersegurtasuna Koordinatzeko Buruzagitzak astearte honetan ohartarazi duenez, areagotu egin dira hoteletako eta landetxeetako erreserbekin lotutako iruzur kasuak. Ziberdelitugileek diru-transferentziak eskatu dizkiete WhatsApp bidez aurrez benetako erreserbaren bat egin zuten pertsonei. 2026ko apiriletik irailera bitartean, mota horretako 98 iruzur salaketa erregistratu dira.

Kasu gehienetan, plataforma baten bidez egin zituzten erreserbak biktimek, nahiz eta hotel eta nekazalturismoen webguneetan egindako batzuk ere badauden. Hasieran mezu bat jasotzen dute biktimek, gehienetan WhatsApp bidez. Mezu horretan ziberdelitugileak hotelaren edo landetxekoen izenean hitz egiten du eta adierazten dutenez, beharrezkoa da egonaldia iritsi aurretik baieztatzea. Horretarako, esteka bat bidaltzen dute. 

Jasotzen den mezu horretan erreserbari buruzko informazio zehatza egoten da; hala nola, hotelaren izena, bezeroarena, sarrera eta irteera datak, eta erreserbaren zenbakizko identifikatzailea. Informazioa benetakoa da, eta erreserba-plataformaren, hotelaren edo nekazal-turismoaren webgunearen aurkako ziber-eraso bidez lortzen dute. Halaber, informazio hori saltzen den atarietan argitaratutako informazioa ere erosi dezakete, DLS (Data Leak Sites) izenekoetan.

Estekan sartzean, biktima establezimenduaren nortasuna ordezkatzen duen webgune batera bideratzen da, eta bertan datu pertsonalak sartzeko eskatzen zaio, hala nola izena, NANa edo bankuko datuak. Ondoren, kontratatu duten zerbitzuaren ordainketa osoa egiteko eskatzen diote. Jarritako salaketen arabera, iruzurraren zenbatekoa 57.000 eurotik gorakoa da.

Iruzurrean ez erortzeko gomendioak

Ertzaintzak gomendio batzuk argitaratu ditu horrelako mezu bat jaso eta aurretik erreserba bat egin dutenentzat:

  • Ez sartu estekan eta ez erantzun jasotako mezuari.
  • Erreserba zuzenean egiaztatu ostatuarekin, webgune edo telefono ofizialen bidez.
  • Ahal dela, hotelarekin harremanetan jartzeko beste kanal bat erabili; adibidez, telefono bat edo email bat, baina inoiz ez iruzur-mezuan datorren edo iruzurgileak ematen duen telefonoa edo helbide elektronikoa.
  • Erreparatu beti nazioarteko profilari, erreserbako herrialdearekin bat datorren ala ez.
  • Datu pertsonalik edo bankuko daturik ez eman.
  • Blokeatu eta bidaltzaileari jakinarazi.

Finantza-datuak eman badira, dagokion finantza-erakundearekin harremanetan jartzea gomendatzen da. Halaber, Ertzaintzak herritarrei eskatzen die, iruzur-mota horren biktima izan badira, eman ditzaketen froga guztiak gorde ditzatela eta edozein ertzain-etxetara joan daitezela salaketa jartzera.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X