Kadeteen bi partidatan izandako"ezohiko" emaitzak Fiskaltzara eraman ditu Gipuzkoako Futbol Federazioak
Susmopean dauden bi partidak pasa den maiatzean jokatu ziren, Kadete Mailako Euskal Ligarako igoera faseko azken jardunaldia. Anaitasuna eta Martuteneren artekoa 16 eta 1eko emaitzarekin amaitu zen eta Arrupe Cheminade eta Danena taldeen artekoa, berriz, 15-1eko markagailuarekin.
Futbol zelai bat, artxiboko irudi batean. Argazkia: Europa Press
Gipuzkoako Futbol Federazioak Fiskaltzaren esku utzi du, pasa den maiatzean, Kadeteen Euskal Ligarako igoera faseko azken jardunaldiko bi partidatan izandako "ezohiko" emaitzen ondotik abiatutako ikerketa. Manuel Diaz federazioko presidenteak asteazken honetan EFE albiste agentziari baieztatu dionez, susmopean dauden partidak Anaitasuna-Martutene (16-1) eta Arrupe Cheminade-Danena (15-1) dira.
Jardunaldi horren amaieran, Gipuzkoako bi klubek salaketa bana aurkeztu zuten Federazioaren Diziplina Batzordearen aurrean. Federazioak, bere aldetik, ezohiko espediente bat abiatu zuen "ezohiko emaitza" horiek aztertu eta "balizko erantzukizunak argitzeko".
Aldi berean, jardunaldi hartan parte hartu zuten jokalarien familiei dei egin zien, baita klubetako teknikariei eta zuzendaritzetako kideei ere, "kiroltasunaren aurkako" edozein jarrera jakinarazi ziezaioten.
Gainera, "errugabetasun presuntzioa errespetatuz", kirol-ordena onaren aurkako edozein jokabide "gogortasun handienarekin zigortzeko" prest zegoela nabarmendu zuen federazioak.
Orain, presidenteak baieztatu du abuztuan amaitu zela "ezohiko espedientea" eta, gainera, Ministerio Publikoaren esku utzi dutela.
"Baldin badago, bide judizial batean jarraituko du, eta bestela, Federazioaren Diziplina Batzordera itzuliko da, egokitzat jotzen duen erabakia har dezan", jakinarazi du Díaz de Marcosek, eta espedientearen edukiari buruzko iruzkinak egitea saihestu du.