Arrasateko adingabe bati ustez sexu-erasoa egin zion gizon batek ihes egin du, Eibarko epaitegiak aske utzi ondoren
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen larunbatean, Arrasaten, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita. Eibarko epaitegiak aske utzi zuen asteartean, eta ordutik ez dakite non dagoen.
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen urriaren 3an, larunbatean, Arrasaten, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita. Horietako batek ihes egin du, Eibarko epaitegi batek aske utzi ondoren.
Atxilotu eta hurrengo egunean, bi atxilotuak epailearen aurrera eraman zituzten. Bista horretan, Fiskaltzak ez zuen eskatu behin-behineko espetxeratzea, eta, hortaz, epaileak behin-behinean aske uztea erabaki zuen. Hori bai, pasaportea kendu zien, eta hurrengo egunean epailearen aurrean agertzeko agindua eman zien biei. Bietako batek bakarrik bete zuen agindua.
Ertzaintzak igandean atxilotu zituen biak, adingabe bati sexu-erasoa egitea egotzita, eta izapideak amaitu ostean, epailearen esku utzi zituen astearte goizean, Eibarko guardiako epaitegian.
EFE agentziak EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko iturriak aipatuta esan duenez, atxilotuek Eibarren egindako saioan parte hartu zuten, eta Fiskaltza eta akusatuen defentsa abokatuak bertan izan ziren. "Aldeetako batek ere ez zuen behin-behineko espetxealdirik eskatu" atxilotuentzat, horren arabera.
Iturri berberen esanetan, inork eskatu gabe epaileak ezin zuen espetxeratzeko agindurik eman, eta "kautelazko neurriekin behin-behinean aske uztea erabaki zuen". Horrez gain, hurrengo egunean, Bergarako epaitegira joateko agindua eman zien.
Hilaren 7an, adingabearen aurkako sexu-erasoaren ustezko egileetako bat baino ez zen agertu, eta Bergarako epaileak behin-behinean espetxeratzeko agindu zuen, eta beste atxilotua bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman zuen.