Epailearen aurrera eraman dute Arrasaten adingabe bati sexu erasoa egiteagatik Ermuan atxilotutako gizona
Erasoa Maritxu Kajoin jazo zen, eta bi gizon atxilotu zituzten, baina guardiako epaileak aske geratu zituen, kautelazko neurriak jarrita. Horietako bat ez zen azaldu auzia ikertzen ari den epaitegian, eta, hori dela eta, haren bila ibili dira hiru egunetan, eta atzo atxilotu zuten berriro.
Arrasateko Maritxu Kajoi jaian adingabe bati sexu erasoa egitea egotzita Ermuan (Bizkaia) atzo atxilotutako gizona epaile aurrera eraman dute gaur, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Gizona atzo arratsaldean atxilotu zuten, bigarrenez eta epailearen aginduz. Izan ere, ez zen joan auzia ikertzen ari den Bergarako Epaitegiak ezarritako zitaziora.
Larunbatean hartu zuten atxilo lehen aldiz, beste gizon batekin batera. Neska adingabe bati sexu erasoa egitea egotzi zien biei Eibarko guardiako epaitegiak, eta aske utzi zituen, kautelazko neurriak jarrita: pasaportea kendu zien eta asteazkenean Bergarako epaitegira joateko agindu. Baina bietako batek bakarrik bete zuen agindua; eta espetxera bidali zuen epaileak. Bigarrenak, berriz, ihes egin zuen, eta epaileak hura bilatu eta atxilotzeko agindua eman ostean, atzo atzeman zuten, Ermuan.