Bilboko Zazpikaleetako 120 bat saltoki kaltetu dira larunbateko euri erauntsiaren ondorioz
Dena dela, Zazpikaleetako Merkatari, Ostalari eta Enpresen Elkartearen ustez, kaltetuak gehiago izan daitezke. Kalteak tarteko, eta "gutxi" izan arren, saltoki batzuk ezin izan dituzte zabaldu.
Kaltetutako lokaletako bat. Argazkia: Europa Press
Bilboko Zazpikaleetako 120 saltoki inguru kaltetu dira larunbatean izandako uholdeen ondorioz. Kaltetutakoen behin-behineko balantzea egin dute Bilboko Udalak eta Zazpikaleetako Merkatari, Ostalari eta Enpresen Elkarteak.
Udaleko langileak eta elkarteko kideak “atez ate”, dendaz denda, ibili dira asteon, uholdeek lokaletan egindako txikizioa bertatik bertara ikuskatzen. Kaltetutako eremuan dauden establezimenduei jakinarazpena bidali diete, eman beharreko pausoak azaltzeko. Izan ere, euren aseguruarekin ez ezik, Aseguruen Konpentsazio Partzuergoarekin ere jarri behar dira harremanetan batzuk. Hala, elkarteak uste du kaltedun gehiago izan daitezkeela.
"Partzuergoa jakinaren gainean jarri behar da kasu bakoitzari espediente zenbakia esleitzeko, eta aditua joan dadin. Oso arin ari dira, eta behin espediente zenbakia izanda, adituak nahiko azkar joan dira dendetara”, azaldu du Janire Torvisco elkarteko zuzendariak.
Astebete da uriola izan zenetik, eta saltoki “gutxi” batzuek ez dituzte ateak zabaldu. Aseguruen Konpentsazio Partzuergoko adituak establezimenduetatik igaro dira asteon, kalteak zenbatzeko, eta datorren astean ere horretan jarraituko dute.
Torviscok Zazpikaleetako dendetara joateko deia egin die herritarrei. “Pilo bat daude zabalik, eta orain inoiz baino gehiago, jendearen babesa behar dute”, nabarmendu du.
Gogotik egin zuen euria larunbatean, eta metro koadroko litro asko pilatu ziren Bizkaiko zenbait udalerritan. Arrigorriagan egin zuen gehien, metro koadroko 94,4 litro, eta metro koadroko 81,7 litro jaso zituzten Sondikan. Bilbon, berriz, metro koadroko 75,3 litro metatu ziren.