AURKIKUNTZA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Duela 49.000 urte inguruko neandertalen aztarnak topatu dituzte Abaunzko kobazuloetan, Nafarroan aurrenekoz

Antza, aurkitu dituzten giza-hezurrak gizonezko heldu batenak dira, 44.000 eta 49.000 urte artean bizitakoa. Hala, Nafarroan orain arte izan diren giza aztarnarik zaharrenak topatu dira, eta lurraldean identifikatutako lehen neandertala litzateke.

Abauzko kobazuloak. Irudia: Nafarroako Gobernua

Abaunzko kobazuloetako arkeologia-taldeak neandertalen aztarnak topatu ditu Nafarroan aurrenekoz. Orain arte lurraldean topatu diren giza aztarnarik zaharrenak dira, eta Foru Erkidegoan identifikatutako lehen neandertala litzateke.

Gizonezko heldu baten sei hezur aurkitu dira Arraitz-Orkinen, Ultzamako bailaran; zehazki, hiru metakarpo eta eskuin eskuko falange bat. Giza-hezurrak 44.000 eta 49.000 urte artekoak izan daitezkeela uste da, eta, haien kalkuluen arabera, azken neandertalenak izan daitezke.

Arraitz-Orkingo Kontzejuaren Etxean eman dute aurkikuntzaren berri, gaur, astelehena, eta prentsaurrekoan, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak ere parte hartu du. Indusketa lanetan aritu direnak zoriontzeaz gain, Chivitek nabarmendu du halako aurkikuntzek aukera ematen dutela Nafarroako historian zein gizateriaren historian dauden hutsuneak betetzeko.

Europako azken neandertalak

Abaunzko kobazuloetan egin duten aurkikuntzari esker, neandertalen historiako garai erabakigarri bat ikertu ahal izango da, duela 40.000 urte inguru giza talde hori desagertu eta Homo sapiensak kontinentean zehar hedatu aurretik. Alegia, gaur egun egiten ari diren ikerketari esker, espezie hori desagertu aurreko prozesuetan sakondu ahal izango dute.

Aurkikuntzak interes bereziko aztarnategi bihurtu du Abauntz, Europako azken neandertalak aztertzeko. Indusketa eta azterketa lanek aurrera jarraituko dute, eta etorkizuneko emaitzei esker hobeto jakingo da nola bizi izan ziren inguruko azken neandertalak eta zer leku hartu zuten mendebaldeko Pirinioetako populazioek neandertalen historiaren azken urteetan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X