AEB: 'Kosovoren independentzia ezin da beste kasuetan ezarri'
Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak legezkotzat jo zuen atzo Kosovoren independentzia, baina erabaki hori ez dela independentzia nahi duten beste herrialdeen kasuetan ezarri behar adierazi dute AEBek.
Prentsaurrekoan, Philip Crowley Estatu Departamenduko bozeramaileak esan du Kosovok "ezaugarri propioak" dituela, eta Nazioarteko Justizia Auzitegiak horiek oinarri hartu duela erabakia.
"Uste dugu ezin direla ezarri beste kasuetan", esan du. Horrenbestez, ukatu egin du erabakiak Europako mugimendu independentistak piztuko dituela.
AEBek babestu egin dute Kosovoren independentzia, eta gainerako herrialdeei onartzeko eskatu diete.
Agiri batean, Hillary Clinton Estatu idazkariak nabarmendu du Kosovo "Estatu independentea" dela eta haren lurraldea "bortxaezina" dela.
Clintonek Kosovoren independentzia aitortzeko exijitu die oraindik egin ez duten herrialdeei, eta Balkanetako egonkortasunarekin konpromisoa hartzeko eskatu die.
Europar Batasuneko herrialde batzuek ez dute oraindik aitortu Kosovoren independentzia, Espainiak kasu.