Ziprek arnasa hartzen jarraituko du, oraingoz
Erreskateak Zipreri ez dio utziko hondoratzen; baina zipretarrek senperrak ikusiko dituzte, eta ez da gauza ziurra arazoa behin betiko konpondu dutenik.
Itsututa egon behar du batek, Christine Lagardek esan duena esateko. Nazioarteko Diru Funtsaren arduradunak dio Zipreko ekonomiak burua altxa eta haziko dela hemendik aurrera. Baina, nola liteke haztea, bere banku-sistema zuloan, zor publikoa eta pribatua berebizikoak izanda, eta diru-korriturik gabe?
Orain, kutxazainek 100 euro besterik ez dute ematen eta litekeena da muga horrek denboraldi batez irautea, izan ere, bestela, jendeak bankuetan geratzen den diru guztia eraman bailezake.
Zipreren kasuak berriro erakusten du euroa gaizki asmatuta dagoela. Bi alternatiba besterik ez daude. Edo, berehalako batean egiten da aurrerakada handi bat eta euroko herri guztien banku-batasuna sortzen da, euroguneko guztiko aurrezkiak bermatzeko funts bat barne, edota euroan iraun ezin duten herriei alde egiten uzten zaie.
Izan ere, gauza bat dago garbi: ekonomia guztiz desberdinak dituzten herriek, adibidez, Alemaniak eta Greziak, edo Finlandiak eta Ziprek, ezin dutela txanpon bera erabiltzen jarraitu.