Ukrainak NDFren tratamendua pairatuko du
Ukrainak ez badu berehala Nazioarteko Diru Funtsaren laguntza jasotzen, hondoratu egingo da. Jasotzen badu, berriz, hondoratuko direnak ukrainarrak izango dira.
Ukraina ekonomikoki ia hondoa jota dago, 19 mila milioi euro behar beharrezkoak ditu, eta Nazioarteko Diru Funtsa dirutza hori uzteko prest dago. Baina gauza jakina da Nazioarteko Diru Funtsak ez duela dirua musutruk ematen, baldintzarik jarri gabe, eta jartzen dituen baldintzak beti murrizketak dakartza berarekin.
Lehenik eta behin, gastua murriztu beharko dute. Ukrainako Gobernuak jada 24.000 funtzionario kaleratzeko plana egina du, eta gastuak murrizteaz gain, energia bezalako oinarrizko produktuak garestitu beharko ditu. Errusiatik datorren gasaren prezioa jada % 30 garestitu da Ukrainan. Izan ere, Errusiak gasaren truke % 30 hori merkatzen zion Ukrainari Yanukovitx agintean zegoenean, baina presidentea agintetik kendu ostean, Putinenek deskontu hori kendu egin zion.
Orain, Nazioarteko Diru Funtsak exijitzen du ken ditzala kontsumitzaileek ordaintzen duten prezioa kontrolatzeko Ukrainako Gobernuak ematen dituen laguntzak, eta horrek esan nahi du prezioa bat batean % 50 garestituko dela.
Guzti hori gutxi balitz, zerga guztiak igo beharko ditu: norberak ordaintzen dituenak eta baita kontsumoari ezartzen zaizkionak ere.
Datorren maiatzaren 25ean egingo dira hauteskundeak Ukrainan, eta bertako herritarrak gerrikoa ondo estututa joango dira botoa ematera.