ZIBERERASOA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Zibererasoa egin diete Europako bost herrialdetako saltokietako hozte-sistemei

Urrian Frantzian izandako zibererasoaren modus operandi bera erabili dute. Belgikako, Luxenburgoko, Herbehereetako, Suediako eta Irlandako supermerkatuek eta beste saltoki batzuek eraso informatikoak jasan dituzte. Hozkailuen eta izozkailuen tenperatura 50 gradura ere igo da.

20230829143130_erosketa-compra-supermercado-saltokia-eitb_

EFEren artxiboko argazkia.

Supermerkatuetako eta beste saltoki batzuetako hozte-sistemen aurkako zibereraso olde batek Europako bost herrialdetako establezimenduak jo ditu igande gauetik astelehen goizera bitartean. Belgikako, Luxenburgoko, Herbehereetako, Suediako eta Irlandako saltokietan izan dira erasoak, eta hozkailuen eta izozkailuen funtzionamendua aldatu dute. Ondorioz, tenperaturak bat-batean igo dira, eta zenbait tresnatan 50 gradura ere iritsi dira.

Hackerrek urrunetik eskuratu dute hozte-sistemen kontrola, eta haien funtzionamendua aldatu dute; desizozte-modua ere aktibatu dute. Horren ondorioz, saltoki batzuek salgaiak galdu dituzte; beste batzuek, berriz, elikagaiak salmentatik kendu behar izan dituzte, badaezpada, edo kamioi hozkailuak erabili behar izan dituzte produktuak egoera onean mantentzeko.

Zibereraso olde berri honek urriaren 11tik 12ra bitarteko gauean Frantzian izandako erasoen antza du. Orduan, ehunka supermerkatuk antzeko gorabeherak izan zituzten. Oraingoz, ez dute baieztatu gertakari guztiak operazio beraren barruan egin dituztenik.

Belgika, kaltetutako herrialdeetako bat

Belgikan izan da kaltetutako establezimenduen kopururik handienetako bat. Delhaize supermerkatu-kateak baieztatu du 40 bat saltokitan izan dituztela arazo informatikoak. Carrefour Belgikak, berriz, beste 15 establezimendutan antzeman ditu gorabeherak.

Spar dendetan eta Anberesko harategi-kate batean ere atzeman dituzte arazoak. Sabcobel hozte-instalazioetan espezializatutako enpresak, bestalde, herrialdean kudeatzen dituen ehunka sistemen artean hogei bat kaltetu direla identifikatu du.

Suediako eta Irlandako supermerkatuen aurkako erasoak

Zibererasoek Suediako ICA eta Coop supermerkatu-kateak ere jo dituzte. Biek ala biek baieztatu dute hainbat establezimendutan izan dituztela gorabeherak, baina ez dute zehaztu zenbat saltoki kaltetu diren.

Zenbait kasutan, izozkailuen tenperatura 50 gradu zentigradura ere iritsi da, enpresek Aftonbladet egunkari suediarrari jakinarazi diotenez. Suediako Zibersegurtasun Zentro Nazionalak ikerketa abiatu du.

Irlandan, Musgrave enpresak, SuperValu katearen jabeak, baieztatu du 13 supermerkatutan izan dituztela arazoak, hozte-ekipoen modelo jakin batekin lotuta.

Herbehereetan, 17 enpresa kaltetu dituzte

Herbehereetan, Danfoss hozte-ekipoen hornitzaileak baieztatu du gutxienez 17 enpresaren aurkako zibererasoak izan direla. Kaltetutako establezimendu gehienak harategiak eta auzoetako denda txikiak dira.

Lehenetsitako pasahitzak eta babesik gabeko sareak

Danfossen arabera, erasoek Internetera konektatutako hozte-sistemen kontrolerako guneetako segurtasun-arrakalak baliatu dituzte.

Ekipo horiek aukera ematen dute hozkailu-ganberen eta merkataritza-izozkailuen tenperatura urrunetik kontrolatzeko. Horrela, teknikariek matxurak antzeman eta konpon ditzakete establezimenduetara joan beharrik gabe.

Hala ere, erasotutako gailu batzuk behar bezala babestuta ez zeuden sareetara konektatuta zeuden, eta lehenetsitako pasahitzak erabiltzen zituzten. Gabezia horiei esker, erasotzaileek ekipoetara sartu eta haien funtzionamendua aldatu ahal izan zuten.

Enpresak urriaren erdialdean ohartarazi zien Herbehereetako bezeroei, eta gailuak Internetetik deskonektatzeko edo sare seguruen bidez haien sarbidea mugatzeko gomendatu zien. Bozeramailearen arabera, neurri horiek hartuta saihestu ahal izango zituzten erasoak.

IKEAri ere eraso egin diote Belgikan

IKEA altzari-kateak baieztatu du Belgikako Mons hiriko establezimenduak ere jasan duela hozte-sistemen kontrolaren aurkako zibererasoa.

Enpresak elikagai batzuk hozkailuetatik kendu ditu, badaezpada, eta elikagai-galerak izango direla aurreikusi du.

IKEA ez dago ziur beste establezimendurik ere kaltetu ote duten, eta gertatutakoa ikertzen jarraitzen du.

Frantziako aurrekaria: ehunka supermerkatu kaltetu zituzten

Zibereraso olde berri honek urriaren 11tik 12ra bitarteko gauean Frantzian izandako erasoa dakar gogora. Orduan, ehunka supermerkatutako hozte-sistemen funtzionamendua aldatu zuten, besteak beste, Intermarché, Coopérative U, Carrefour, Leclerc eta Monoprix kateetako establezimenduetan.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X