HAUTESKUNDEAK
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Iliana Yotova hautagai errusiazaleak irabazi ditu Bulgariako presidentetzarako hauteskundeak

Eurodiputatu ohia ez ezik, herrialdeko presidenteordea izan da azken bederatzi urtetan. Presidente berria izango dena Moskurekin harremanak berrezartzearen eta Ukrainari laguntza militarra etetearen alde agertu da.

Iliana Yotova elecciones presidenciales Bulgaria

Iliana Yotova izango da Bulgariako presidente berria. Argazkia: EFE

Iliana Yotova Bulgariako jarduneko presidenteak eta hautagai errusiazaleak irabazi ditu Europa ekialdeko herrialde horretan igande honetan egin diren presidentea aukeratzeko hauteskundeak. Botoen % 99,68 zenbatuta, boto emaileen % 57,7k egin dute Yotovaren alde eta % 39,4k, aldiz, Andrey Gyurov hautagai europazalearen alde, herrialdeko hauteskunde batzordeak astelehen honetan zabaldutako datuen arabera.

Parte hartzea % 27koa izan da, aurreko astean egindako lehen itzulian baino ehuneko lau puntu handiagoa. Hain zuzen ere, pasa den igandeko parte hartzea 1989an komunismoa erori zenetik Bulgariako hauteskundeetan izan den baxuena da.

Yotovak 62 urte ditu, kazetaria eta eurodiputatu ohia da, eta Rumen Radev lehen ministro errusiazalearen presidenteordea izan da azken bederatzi urteetan.

Presidente berria izango dena Moskurekin harremanak berrezartzearen eta Ukrainari laguntza militarra etetearen alde agertu da, eta diplomaziaren bidea jorratu behar dela defendatu du Errusiak 2022ko otsailean Ukrainan abiatutako gerrari amaiera emateko. 

"Radev jauna, zu gabe ez nukeen lortuko" esan zuen Yotovak atzo kazetarien urrean, lehen emaitza ofizialak ezagutu baino lehen eta Radev ondoan zuela.

Gyurovek, bere aldetik, bere porrota onartu zuen datu ofizialak ezagutu aurretik.

6,5 milioi bulgariar zeuden botoa ematera deituta presidente berria aukeratzeko.

Yotova Bulgariako lehenengo presidente emakumea izango da eta datorren urtarrilaren amaieran hartuko du ofizialki bere kargua.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X