Misila errusiazaleek jaurti zutela esan dute AEBek
Matxino errusiazaleek Malasya Airlineseko MH17 hegazkina eraitsi zuen misila jaurti zutela adierazi dute gaur mendebaldeko herrialdeek. Era berean, Errusiak erantzukizuna duela esan dute; izan ere, matxinoei babesa eman die.
AEBko enbaxadoreak agerraldia egin du NBEren Segurtasun Batzordean, eta bertan esan du hegazkina nahita eraitsi zela, matxino errusiazaleek kontrolpean duten eremu batetik. "Litekeena lurretik botatako SA-11 misil batek eraitsi izana'', gaineratu du Samantha Power AEBko enbaxadoreak.
Powerrek gogorarazi du milizia errusiazaleek horrelako erasoak egiteko adina teknologia dutela, eta beste hegazkin batzuek ere eraitsi dituztela Ukrainako gatazka hasi zenetik. Gainera, AEBko ordezkariak esan du hegazkina bota zuten egun berean, matxinoak SA-11 misilekin ikusi zituztela zonalde berdinean, eta milizietako buruek hegazkin bat eraitsi zutela esan zutela sare sozialetan; mezuak, ordea, ezabatu egin zituzten.
AEBko ordezkariak azpimarratu du, arma horien konplexutasuna dela eta, oso litekeena dela matxinoek euren kabuz bakarrik erabili ez izana. Hori dela eta, "errusiarren laguntza" ezin dela baztertu esan du.
Erresuma Batua eta Frantzia
Errusiak matxino errusiazaleei armak, ekipamendua eta laguntza logistikoa "sistematikoki" eman diela salatu du Mark Lyall Grant Erresuma Batuko enbaxadoreak.
"Sortu duen egoeraren inguruko gogoeta egitea eskatzen dio Erresuma Batuak Errusiari. Talde separatista armatuei emandako babesa politika bukatzeko eskatzen diogu Errusiari", erantsi du.
Era berean, Ukrainako gerrari babesik ez emateko eskatu dio Gerard Araud Frantziako ordezkariak Errusiari. Gatazkaren konponbidean laguntzeko elkarrizketa sustatzeko eskatu dio Moskuri.
Vladimir Putin Errusiako presidenteak ikerketa "sakona eta objektiboa" egitea eskatu du.
Ikuskatzaileen salaketa
Hegazkina dagoen tokira heltzeko oztopoak jarri dizkietela salatu dute Europako Segurtasun eta Lankidetzarako Erakundeko ikuskatzaileek.
"Espero zuten sarrera ez dute izan. Lan egiteko behar zuten mugimendu askatasuna ez dute izan. Istripuaren lekua ez dute hesitu", adierazi du Thomas Greminger erakundeko presidenteak.
17 ikuskatzaileek 75 minutu eman dituzte istripuaren tokian, Gremingerrek ziurtatu duenez. Taldea larunbatean itzuliko da ezbeharraren lekura.
Hegazkina Amsterdam-Kuala Lumpur bidea egiten ari zen, eta Sneshnoye herrian erori zen, Errusiako mugatik 50 kilometrora.
"280 bidaiariak eta 15 tripulatzaileak hil dira", iragarri zuen atzo Anton Gueraxenkok, Ukrainako Barne ministroaren aholkulariak, Facebooken.
Horren esanetan, Donetsk eskualde matxinoan jaurtitako misil batek eraitsi du hegazkina. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak gertatutakoa "ekintza terrorista" izan dela adierazi du.
Nolanahi ere, Donetsk eskualdeko agintari matxino errusiazaleek ukatu egin dute 10.000 metrora dagoen hegazkin bat eraisteko armak dituztela. Hori dela eta, Ukrainako Armadari egotzi diote gertatutakoa.
NBEk nazioarteko ikerketa eskatu du
Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Batzordeak nazioarteko ikerketa independentea eskatu du Malaysia Airlineseko hegazkin komertzialak Ukraina ekialdean izandako istripua argitzeko.
Nazio Batuen erabaki organo nagusiak minutu bateko isilunea egin du biktimen omenez, eta Ukrainako gatazkako alde guztiei istripuaren zonaldera sarrera berehala irekitzeko eskatu die.
Obamak su etena eskatu du
Barack Obama AEBko presidenteak berehalako su.etena eskatu du Ukraina ekitaldean, Malaysia Airlines konpainiako hegazkinarekin gertatutakoa ikertzeko. ‘’Su-etena ezinbestekoa da, berehala’’, esan du Etxe Zurian egin duen agerraldian.
"Frogei ezin zaie oztoporik jarri. Ikertzaileek istripuaren tokira joan behar dute", gehitu du, eta FBIko talde bat eta Garraioaren Segurtasun agentzia Ukrainara bidean direla adierazi du, ikerketan laguntzeko.
Dena dela, Obamak adierazi du goizegi dela misila jaurti zutenen helburuak zeintzuk ziren jakiteko, eta ez du zuzenean Vladimir Putin presidente errusiarra errudun jo nahi izan.
Frogen gerra
Propaganda eta desinformazio gerra honetan, Ukrainako segurtasun zerbitzuek matxino errusiazaleen arteko hainbat elkarrizketa bildu dituztela iragarri dute. Horietan, hegazkina eraitsi izana aitortzen omen dute. Hemen entzun dezakezu:
Halaber, Ukrainako Barne Ministerioaren esanetan, matxinoek Errusiara eraman dute jada hegazkina suntsitzeko erabilitako aire-defentsa.
Moskuk aire-defentsa ukrainar bat pizten atzeman du, erradarren bidez.
Bestalde, matxinoek hegazkinaren kutxa beltza topatu dute, eta nazioarteko behatzaileei emateko prest agertu dira.
Denak dira susmagarri
Jesus Torquemada eitb.eus-en nazioarteko adituak azaldu duenez, "Errusiak eta Ukrainak hegazkinak eraisteko misilak dituzte, eta, beraz, hasiera batean denak dira susmagarri".
Zure interesekoa izan daiteke
Hurrengo bi hilabeetan Irango petrolioa saltzeko baimena eman du AEBk, negoziazioak ondo doazelako
Pakistanek eta Qatarrek, Burgenstocken (Suitza) egiten ari diren negoziazioetako bitartekariek, adierazi dutenez, lehenengo saioa "giro positiboan egin da" eta "aurrerapauso pozgarriak" izan dira.
Zergatik eman du dimisioa Keir Starmerrek? Hauek dira kolokan utzi zuten polemikak
Agintariaren dimisioaren ondorioz, Erresuma Batuak zazpigarren lehen ministroa izango du hamar urtean.
Keir Starmerrek Erresuma Batuko lehen ministro kargua utziko duela iragarri du
Ordezkoa bilatzeko prozesua uztailaren 9an hasiko da, eta egun horretatik aurrera hautagaitzak aurkeztu ahal izango dira alderdia zuzentzeko eta lehen ministro kargua lortzeko. Starmerrek adierazi du bere asmoa trantsizio ordenatu bat erraztea dela, eta erreleboa modu egonkorrean gertatzea.
Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak irabazi ditu Kolonbiako hauteskundeak, %1eko aldearekin
Hautagai ultraeskuindarrak 250.000 boto atera dizkio Ivan Cepeda ezkertiarrari bigarren itzuliko aurre-zenbaketan, eta oposizioak 33.000 mahai inpugnatu dituela iragarri du. Gustavo Petro presidenteak adierazi du oraindik ezin duela presidente berria izendatu.
Trumpen mehatxu berrien ostean, Iranek iragarri du eten egin dituela AEBrekiko negoziazioak, baina Qatarrek dio aurrera jarraitzen dutela
JD Vance AEBko presidenteordea ari da bilera horietan AEB ordezkatzen eta Trumpek ezer esan aurretik, elkarrizketetan "aurrerapauso handiak" eman dituztela adierazi du.
Iranek Libanon "arazoak" sortzen baditu, AEBk erasoei berrekingo diela ohartarazi du Trumpek
Irango Gobernuaren ordezkaritza bat eta AEBkoaren bat Suitzako bainuetxe batean elkartu dira, Teherango programa nuklearrari eta joan den astean adostutako bakerako memorandumari buruz hitz egiteko.
AEBren eta Iranen arteko bake-negoziazioak abian dira, Libanon, Ormuzko itsasartean eta garapen nuklearrean arreta jarrita
Negoziazioak ostiralean hastea espero zen, baina Iranek bertan behera utzi zituen egun horretan, Israelek Libanoko hegoaldean egindako erasoen ondorioz. Teheranek behin-behineko akordioa osorik betetzeko eskatu du, gerrari amaiera emateko.
Starmerrek Erresuma Batuko lehen ministro kargua utziko duela iragar lezake astelehen honetan
Maiatzeko udal hauteskundeetan laboristek nabarmen egin zuten behera, eskuin muturraren mesedetan. Lehen ministroak bere gain hartu zuen porrot horren erantzukizuna, eta bere irudia kolokan dago ordutik.
Inoizko hauteskunde polarizatuenen bigarren itzulia Kolonbian
Hauteskunde aurreko aurreikuspenen arabera, Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak botoen % 50 inguru lor ditzake eta Ivan Cepeda ofizialistak, berriz, botoen % 44. Ikusteko dago iragarpenek asmatzen duten ala ez.
Iranek Ormuzko itsasartea itxi du, eta Trumpek ziurtatu du ez dutela bidesaririk ezarriko
Ekialde Hurbileko gerrari amaiera emateko ituna urratzea egotzi dio AEBri, baita Israelek Libanoko hegoaldean behin eta berriz su-etena urratu izanaren erantzukizuna ere. Abbas Araghtxi Irango Atzerri Gaietarako ministroa Suitzara joan da gaur, AEBri bake memoranduma bete dezala eskatzeko.