Erreferenduma Eskozian
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Salmond: 'Eskozia independente bihurtuko den herrialde aberatsena da'

Lehen ministroaren arabera, eskoziarren etorkizunerako onena Eskoziaren inguruko erabakiak 'bertan bizi eta lan egiten dutenek hartzea' da.
Alex Salmond
Alex Salmond, Eskoziako lehen ministroa. EFE

Datorren irailaren 18ko independentziaren inguruko galdeketan baietzak irabaziko balu, Eskozia "independente bihurtuko den munduko herrialderik aberatsena" izango litzateke, Alex Salmond nazionalistak gaur adierazi duenez.

Eskoziako lehen ministroak parlamentuko diputatuekin izandako bileran egin ditu adierazpen horiek, gaur bildu baitira azken aldiz datorren asteko galdeketaren aurretik.

Hilaren 18an, eskoziarrek hauteslekuetara joko dute Erresuma Baturik banandutako erregio bat izan nahi duten edo ez erabakitzeko.

"Galdeketarako lau aste baino ez dira falta, eta eskoziarrek begiak ireki dituzte independentziak eskaintzen dizkien aukeren aurrean. Erreferendumak nahi dugun eta ikusi nahi dugun Eskozia lortzeko ideia mordoa sortu ditu", azpimarratu du Salmondek.

Politikariaren arabera, auziaren inguruko eztabaida aurrera doan ahala, "puntu batzuk argi gelditu dira". Esaterako, "Eskoziak independentea eta arrakastatsua izateko behar den guztia" duela ados daude eskoziar guztiak, Salmonden ustez.

"Munduko herrialderik aberatsenetako bat gara, eta gure Barne Produktu Gordina (BPG) per capita Erresuma Batuarena, Frantziarena eta Japoniarena baino altuagoa da", azaldu du.

Politikari independentistak gehitu du eskoziarren etorkizunerako onena Eskoziaren inguruko erabakiak 'bertan bizi eta lan egiten dutenek hartzea' dela.

"Lau asteren buruan, baietzaren aldeko botoek bakarrik bermatuko dute Eskoziaren etorkizuna Eskoziaren esku egotea", zehaztu du.

Datorren astelehenean, lehen ministro eskoziarra telebistan zuzenean emitituko den eztabaida batean izango da, beste behin, Ekonomiako ministro ohi Alistair Darling laboristarekin aurrez aurre. 'Better Together' ('Batera Hobe') kanpainako burua da Darling, hiru alderdi britainiar nagusiekin batera –kontserbadoreak, laboristak eta liberaldemokratak-, eta independentziaren aurkakoak dira guztiak.

Bi politikariak abuztuaren 5eko eztabaidan izan ziren aurrez aurre, eta inkesten arabera, Darling izan zen 'garailea'.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Ramon Aizarnak 300 metrora bizi izan zituen 2001ean I-11ko atentatuak: "Ikusitako guztiaren inpaktua bizitza osorako izango da"

Ramon Aizarna gipuzkoarrak, AEBn bizi den euskaldunak, World Trade Centerrera begira zegoen loft batetik ikusi zituen I-11ko Dorre Bikien aurkako atentatuak. Une hartan bertan gertatzen ari zena zuzenean kontatu zuen ETBrentzat. 25 urte geroago, berriro hitz egin dugu berarekin, historia aldatu zuen egun tragiko hura berarekin gogoratzeko.

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Indonesiako zenbait aireportu berriz ireki dituzte, Anak Krakatoa sumendiaren erupzioaren ondorioz itxita egon ostean

Krakatoaren erupzioaren ondoren asteburutik itxita zeuden Jakartako aireportu nagusia eta beste lau aireportu ireki ditu berriro Indonesiak. 3.000 hegaldi eta 370.000 bidaiari inguru kaltetu dira udako oporren itzulera operazio betean. Anak Krakatoa sumendia Indonesiako hiriburutik 150 kilometrora dago eta erupzioan sartu zen ostiralean, laba eta errauts-zutabe handiak jaurtiz.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X