Macronek iragarri du neurri "oso zehatzekin" erantzungo diola Gobernuak ikasleen aldarrikapenei astelehen honetan bertan
Sébastien Lecornu lehen ministroa ikasleen, irakasleen, sindikatuen, enpresarien, lurralde agintarien eta parlamentarien ordezkariekin bilduko da astelehen honetan, protesta sozialak baretzeko asmoz.
Frantziako Gobernuak ikasleen aldarrikapenei erantzun "oso zehatzak" aurkeztuko dizkie astelehen honetan, Emmanuel Macron presidenteak igande honetan iragarri duenez.
"Ostiralean Bigarren Hezkuntzako ikasleen sindikatuekin bildu nintzen, eta gure gazteen itxaropen zilegiak entzun nituen. Lehen ministroak eta ministroek bihartik aurrera jarraituko dute elkarrizketa horretan, eta erantzun oso zehatzak emango dituzte", idatzi du Macronek bere sare sozialetan.
Sebastien Lecornu lehen ministroak ikasleen, irakasleen, sindikatuen, enpresa-erakundeen, lurralde-agintarien eta parlamentarien ordezkariak bilduko ditu bihar, astelehena, Frantzia astitzen ari diren gizarte-protestak baretu asmoz.
Ikasleek, besteak beste, Parcoursup -unibertsitatera sartzeko plataforma- indargabetzea, eskola-ordutegi luzeak aldatzea, unibertsitate-plaza gehiago sortzea eta ikastetxeak hobetzea eskatzen dute.
Bere mezuan, Macronek eskerrak eman dizkie segurtasun indarrei, bidenabar, bizitzaren kostuaren garestitzeagatik larunbatean izan ziren protesten aurrean, ordena publikoa bermatzeko egindako lanagatik.
Protesta gehiago datorren larunbatean
Bestalde, azken bi asteburuetako mobilizazioen deitzaileek (sindikatuak, ikasleak eta 'txaleko horiak') beste protesta egun bat deitu dute datorren larunbaterako, eta azaroaren 5erako greba orokorra prestatu dute, Macronen gaineko presioa handitzeko asmoz.
Giroa berotzeko, 'txaleko horiek' elkarretaratzeak deitu dituzte datorren ostiralerako, lapiko-protestekin, Asanblea Nazionalaren aurrean, Macronen "noraeza autoritarioaren" aurka protesta egiteko.