Mobilizazio jendetsuak egin dituzte Italian, Portugalen eta Albanian bizitza garestitzearen eta etxebizitza krisiaren aurka
Oro har, manifestazio baketsuak izan dira Italiakoak, Poliziak hertsiki zainduak. Portugalen, Gobernuak etxebizitza krisiari emandako erantzun falta izan dute jomugan manifestariek. Albanian, egunak daramatzate ikasleek protestan, eta gaur ere aurrez aurrekoa izan dute Poliziarekin.
Frantzian ez ezik, Italian, Portugalen eta Albanian ere mobilizazio jendetsuak izan dira gaur. Bizitzaren garestitzea, etxebizitzaren prezioa eta hezkuntzaren egoera kaskarra salatu dituzte mobilizazioetan.
Italian, manifestazioak izan dira Erroman, Milanen, Turinen, Napolesen, Bolonian eta Florentzian, eta denetan ezarri dute polizia dispositibo zabala, bereziki Milanen (joan den asteburuan istilu gogorrak izan ziren iparraldeko hiri horretan).
Martxa baketsuak izan dira, gazte eta familia asko bildu dituztenak. Liskarrak Bolonian eta Turinen (iparraldea) baino ez dira egon.
Georgia Meloniren gobernuak atxiloketa prebentiboak baimendu ditu egunotarako, eta susmagarritzat jo duten oro atxiki dute: 200 gazte identifikatu eta 60tik gora atxilotu dituzte. Gainera, joan den asteburuko protesten bultzatzailea atxilotu dutela zabaldu du Exekutiboak. 30 urteko gizonezko bat da, kazetaria eta Palestinaren aldeko ekintzailea.
Portugalen, milaka pertsona atera dira kalera berriro, herrialdeak pairatzen duen etxebizitza krisiaren kontra protesta egiteko. Espainian bezala, Portugalen manifestazio eta kanpaldiak egin dituzte azken asteotan, eta mobilizazioei Gobernuak emandako erantzun falta salatu dute gaur.
Gainera, oraindik baieztatuta ez badago ere, Espainiako greba orokorraren deialdiarekin bat egiteko asmoa dute Portugalgo sindikatuek.
Portugalgo hiriburuan, Bragan, Coimbran eta Porton ere egin dituzte martxak. Iparraldeko azken hiri horretan, kanpin dendak jartzekotan dira berriro, Gobernuak izan duen jarrera salatzeko; izan ere, behin baino gehiagotan kenarazi dituzte, legez kontrakoak direla argudiatuta.
Portugalgo Gobernuak alokairuaren legea aldatzea proposatu du, jabeei segurtasun handiagoa emateko eta etxebizitzak merkatuan jar ditzaten, baina baita etxegabetzeak bizkortzeko ere. Ekimena onartzeko, baina, oposizioko talderen baten babesa beharko du Exekutiboak, eta hori, gaur-gaurkoz, ez du bermatuta.
Albanian, ehunka ikaslek manifestazioa egin dute berriro Tirana erdigunean, Edi Rama lehen ministro sozialistaren gobernuaren aurka, eta Polizia gogor oldartu zaie.
Ikasleek joan den astearen hasieran ekin zieten protestei. Hezkuntza Ministerioaren aurrean bildu dira gaur, Gobernuaren hezkuntza eta unibertsitate politikak salatzeko.
Liskar larriak izan dira, eta agenteek ur-kanoiak eta gas negar-eragileak erabili dituzte manifestariak sakabanatzeko.
Edi Rama lehen ministroaren dimisioa galdegin dute. Ramak, aldiz, erabat baztertu du, eta Errusiatik eta Irandik datozen desinformazio sareak eta ezker muturreko taldeak egin ditu ikasleekin duen gatazkaren erantzule.