Israelek Zisjordania okupatuan mugitzea galaraziko die palestinarrei asteartean, hauteskunde egunean
Bestalde, Zisjordania hegoaldean, Hebron hirian, palestinarrak euren etxeetatik botatzen ari da Israel, ostiral gauean operazio militar bat hasi zuenetik. Dagoeneko 2.600 pertsona kanporatu dituzte.
Israelgo Armadak iragarri duenez, Zisjordania erabat itxiko dute datorren asteartean, Israelgo hauteskunde egunean. Egun horretan "langile palestinarrek sartzea eta ateratzea" debekatuta izango dute, baita industrialdeetatik ere, eta kontrol militarren postuak itxita egongo dira.
Ohar horretan bertan, Armadak jakinarazi du Zisjordaniako palestinarrek ezingo dutela gaurtik, igandetik, Israelgo asentamentuetan lan egin, "industrialdeak eta baimendutako beste eremu batzuk kenduta".
Hiru milioi palestinar baino gehiago bizi dira Zisjordanian, 1967tik Israelek okupatutako lurraldean. Hainbat Gobernuz Kanpoko Erakunderen arabera, estatu juduak apartheid erregimena ezarri du bertan: kolono israeldarrak Israelgo zuzenbide zibilaren mende daude eta eskubide politiko, estatu-zerbitzu eta Estatuaren babes osoa dute; palestinarrak, berriz, erregimen eta legedi militar baten mende daude, inolako mugimendu-eskubiderik eta askatasunik gabe.
Ostiral gauean, bi erasotzaile palestinarrek Hebronen (Zisjordaniako hegoaldean) bi soldadu hil ondoren, Israelek operazio militarra hasi zuen hiri horren aurka, eta dagoeneko 2.600 pertsona inguru kanporatu dituzte, azken datuen arabera.
B 'Tselem Giza Eskubideen aldeko GKE israeldarrak Israel Hebron hirian egiten ari den "garbiketa etnikoaren kanpaina" gelditzeko eta Palestinako lurraldearen "herritarren desplazamendu behartua, zigor kolektiboa eta suntsipen masibo eta ilegala" geldiarazteko eskatu dio nazioarteari.
Hebronen kanporatutako palestinar talde bat. Argazkia: EFE