EBk Lula zoriondu du, eta elkarlanerako deia egin dio
"Demokraziak eta multilateralismoak irabazi dute Brasilen" idatzi du Von der Leyenek X-en, eta Costak azpimarratu du EB eta Hego Amerikako herrialdea "kide sendoak" direla.
Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak eta Antonio Costa Europako Kontseiluko presidenteak Luis Inacio Lula de Silva zoriondu dute astelehen honetan, Brasilgo hauteskundeen bigarren itzulian lortutako garaipenagatik.
"Demokraziak eta multilateralismoak irabazi dute Brasilen. Europaren eta Brasilen arteko elkarlana loratzen ari da. Zure ondoan jarraituko dugu datozen urteetan", idatzi du Von der Leyen demokristauak X sare sozialean.
"Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu merkataritza libre eta ireki baten alde, arauetan oinarritutako ordena global baten alde eta klimaren aldeko anbizio sendo batekin", gaineratu du.
Europako Kontseiluko presidenteak Lularekin telefonoz hitz egin ostean sare sozial berean adierazi duenez, EB eta Brasil "kide sendoak" dira.
"Elkarrekin lan egiten jarraituko dugu gure arteko loturak sakontzeko, erronka globalei aurre egiteko eta mundu baketsuagoa eta oparoagoa eraikitzeko", idatzi du sozialdemokrata portugaldarrak.
EBren eta Brasilen arteko aldebiko harremanak bloke komunitarioaren eta Mercosurren arteko akordioak arautzen ditu batez ere. Aurten sinatu dute akordioa, bi hamarkada baino gehiagoko negoziazioen ondoren.
Europar Batasuna Brasilen bigarren bazkide komertziala da (Txinaren ondoren), Hego Amerikako merkataritza guztiaren % 15,3 hartzen du, eta Brasil, berriz, EBren hamargarren bazkide handiena da, 87.000 milioi baino gehiagorekin 2025ean, Europako Batzordearen datuen arabera.