Estatu kolpe saiakerak porrot egin du Turkian
Ostiral gauean Turkian izandako estatu kolpe saiakerak porrot egin duela adierazi du Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak. Gutxienez 265 pertsona hil (zibilak eta poliziak) eta 1.440 zauritu dira estatu kolpe saiakera horretan, Turkiako agintariek egindako azken balantzearen arabera. Hildako horietatik 161 zibilak eta poliziak dira eta gainerako 104ak, ostera, matxinoak.
Yildirimek azaldu duenez, Gobernuak herrialdearen kontrola berreskuratu du. "Egoera kontrolpean dago", ziurtatu du.
Turkiako militar talde batek Istanbul eta Ankara hirietako hainbat gune eta Istanbulgo Atatürk aireportua hartu ditu hainbat orduz.
Estatu kolpe saiakerarekin lotura dutelakoan dagoeneko 2.839 pertsona atxilotu dituzte, Turkiako lehen ministro berri eman duenez. Gainera, Ankarak 5 jeneral eta 29 koronel kargutik kendu ditu, kolpe saiakerarekin lotura dutelakoan.
Bestalde, ostiral honetako Estatu-kolpearekin lotura dutelakoan, Adem Huduti Turkiako Bigarren Armadaren komandantea eta Erdal Ozturk Hirugarren Armadaren komandantea atxilotu dituzte, Turkiako agintariek jakinarazi dutenez.
Altxamenduaren aldeko militarrek Hulusi Akar Estatu Nagusiko burua bahituta izan dute atzo gauetik eta gaur goizean erreskatatu dute. Aurrez, Binali Yildirim Turkiako lehen ministroak Umit Dundar izendatu du Estatu Nagusiko buru gisa Hulusi Akar non zegoen ez zekitelako.
Estradizio eskaera
Fethullah Gülen predikatzailea Turkiara estraditatzeko eskaera egin dio Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak AEBko presidenteari. Turkiako Gobernuaren iritziz, bart izandako Estatu-kolpe saiakeraren erantzulea da 75 urteko predikatzaile hori.
John Kerry AEBko Estatu idazkariak Fetullah Güllenen kontrako frogak aurkezteko eskatu dio Turkiari. "Ez dugu Turkiako Gobernuaren inolako eskaerarik jaso" esan du Kerryk, baina berari buruzko galderak espero dituztela adierazi du.
Estatu kolpe saiakeraren kronologia
Ostiral iluntzeko 21:30ak aldera, militar talde bat Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentearen Gobernuaren kontra altxatu da. Istanbul eta Ankara izan dira altxamendu militarreko "puntu bero" nagusiak.
Ehunka militarrek parte hartu dute altxamenduan -dagoeneko 2.839 dira atxilotuak- eta tankeak eta gerra hegazkinak atera dituzte kalera.
21:30ak aldera Istanbulgo Bosforo eta Fatih Suran zubiak itxi dituzte, altxamendu militarraren lehen pauso gisa. 22:00ak inguruan hegazkin militarrek eta gerra hegazkinek altura baxuan hegan egin dute Ankaran eta Istanbulen, eta lekukoek hainbat tiro entzun dituztela adierazi dute. Turkiako Gobernuak gaueko hamarrak aldera baieztatu zuen estatu kolpea, Binali Yildirim Turkiako lehen ministroaren ahotik. Bien bitartean, Erdogan presidentea familiarekin oporretan zegoen Bodrum hirian, Turkia hego-ekialdean.
23:05 inguruan, matxinoak TRT Turkiako telebista katearen egoitzan sartu dira eta haren kontrola hartu dute. Matxinoek telebistan irakurri duten komunikatuan, "Bakearen Kontseilua" izeneko behin-behineko junta militarraren osaketa iragartzeaz gain, martzial legea eta etxeratzeko agindua aldarrikatu dituzte eta "Konstituzio berria" osatzeko asmoa adierazi dute. TRT telebista katearen kontrola hartzeaz gain, CNNTürk telebista katea ere kontrolpean izan dute hainbat orduz.
Matxinoek adierazpen hori egin eta 25 minutura Erdoganek agerraldi publikoa egin du CNN Turk telebista katean, hain zuzen ere, Facetime aplikazioaren bitartez egindako bideo-dei baten bitartez. Lehen adierazpen horietan gerora hainbat aldiz errepikatu duen mezua zabaldu du Erdoganek; hala nola, "botere egitura paraleloari" egotzi dio estatu kolpea -Fetula Gulen Ankarak terroristatzat daukan kleriko turkiarraren taktikak deskribatzeko erabiltzen duen definizio bera-, kolpearen atzean daudenentzat zigor gorena iragarri du eta herritarrei kalera irteteko dei egin die, gobernuaren alde egiteko. Deiari erantzunez, dozenaka milaka herritar atera dira kalera Ankaran eta Istanbulen Turkiako banderak eskuan hartuta, estatu kolpe saiakeraren kontra.

Erdoganek kalera irteteko deia egin zien herritarrei, gobernuaren alde egiteko. Argazkia: EiTB
Gauean hasi eta goizaldean zehar indarkeriak ez du etenik izan. Hegazkin militar batzuek zibilen kontrako erasoa egin dute Ankaran eta, gerora, Turkiako Parlamentua ere bonbardatu eta suntsitu dute. Ondoren, gerra hegazkin batek suntsitu ei du hegazkin militarra. Gainera, gauean zehar enfrentamendu gogorrak izan dira Istanbulgo Ataturk aireportuan eta Ankarako Gulbasi auzoan, hots, Turkiako indar berezien egoitza nagusian. Azken toki horretan matxinoek gutxienez 17 polizia hil dituzte.
Erdogan Turkiako presidentea goizaldeko hirurak aldera iritsi da Istanbulera -Gobernuaren aldekoek hainbat orduz matxinoen esku egon den aireportua askatu ostean- eta estatu kolpe saiakerak porrot egin badu ere, enfrentamenduek jarraitu egin dute. "Turkiako herriak aukeratutako Gobernuak gobernatzeko gogoa du eta horretan jarraituko du", aldarrikatu du Erdoganek Istanbulera iritsi berritan. Gertatutakoa "traizio ekintza" dela adierazi du eta "gutxi batzuk ez direla batasun nazionala liseritzeko gai izan" nabarmendu du. Ildo horretan, batzuek beren "herriari leial" izan beharrean "Pensilvaniatik aginduak jasotzea" eta horiek betetzea erabaki dutela salatu du, Gulen klerikoari zeharka aipamena eginez. Egindakoa ordainduko dutela esateaz gain, oraindik atxilotu ez dituzten militarrei "atzera egiteko" eta errenditzeko eskatu die. Halaber, estatuburuaren esanetan, Armadan "garbiketa prozesua" egiteko "beharra" dagoela erakutsi ei du estatu kolpe saiakerak eta "egitura paraleloak" desagerrarazteko premia azpimarratu du -Gulen klerikoa zeharka aipatuz-.
AEBn bizi den Gulen klerikoak, ostera, gertaturikoa gaitzetsi du eta ukatu egin du altxamendu militarraren atzean egotea. Halaber, estatu kolpe saiakera simulatua izan dela iradoki du. Ildo horretan, demokrazia ez dela ekintza militarren bitartez lortzen nabarmendu du eta Erdoganen Gobernuaren kontra hitz egin du. "Badirudi ez duela haren kontrolpean ez dagoen inolako mugimendurik, talderik edota erakunderik toleratzen", gaineratu du.
Goizean oraindik bonbardaketak eta tiro hotsak entzuten zirela ohartarazi dute lekukoek eta egunean zehar ehunka militar errenditu egin dira.
Nazioarteko komunitatea isilik egon da lehendabiziko orduetan
Larunbat goizaldeko ordubata arte, hots, Barack Obama AEBko presidenteak Turkiako Erdogan presidenteari haren erabateko babesa agertu dion arte, nazioartea isilik mantendu da Turkian gertatzen ari zenaren aurrean. Obamak hitz egin eta gero, Europar Batasunak, Espainiak, Mexiko, Alemaniak eta beste hainbat herrialdek Turkiako Gobernuaren aldeko eta estatu kolpe saiakeraren aurkako mezuak zabaldu dituzte. Era berean, Turkiako oposizioa ere -errepublikanoak, nazionalistak, HDP alderdi kurdua- estatu kolpe saiakeraren aurka agertu da.
Turkiako parlamentuak estatu kolpe saiakeraren ondorengo lehendabiziko bilkura egin du
Ostiral gauean izandako estatu kolpe saiakeraren ondorengo lehendabiziko osoko bilkura egin dute Turkiako parlamentuan.
Ankarako parlamentuan bertan egin dute osoko bilkura, nahiz eta ostiral gauean eta larunbat goizaldean izandako bonbardaketa eta erasoen ondorioz Parlamentuaren eraikina nahikoa suntsituta gelditu den.

Estatu kolpe saiakeraren osteko lehendabiziko osoko bilkura egin dute Turkiako parlamentuan. Argazkia: EFE
Bertako telebista kateek zabaldutako irudien arabera, Turkiako parlamentuan ordezkaritza duten lau alderdietako diputatuek (AKP, CHP, MHP eta HDP) minutu bateko isilunea egin dute biktimen omenez.
Erdogan Turkiako presidenteak Parlamentuko osoko bilkuran parte hartu ez badu ere, lau alderdietako diputatuak bertan izan dira.
Erdoganen Gobernuak epaileen kontra jo du
Turkiako agintariek erakunde judizialen eta epaileen kontra jo dute. Hala, 2.745 epaile kargutik kentzeaz gain, gutxienez 10 epaile atxilotu eta 140 epaileren kontrako atxilotze agindua eman dute aginpideek.
Poliziak 'Danistay' izeneko Turkiako justizia erakunde gorenetako bateko 10 epaile atxilotu ditu Anadolu albiste agentziak berri eman duenez, Gainera, 'Danistay' erakundeko beste 38 kide bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman dute , NTV telebista kateak azaldu duenez. Bestalde, Auzitegi Goreneko (Yargitay) 140 epaile atxilotzeko agindua eman dute Turkiako agintariek, aipaturiko kate horren arabera.
Turkiako helikoptero militar batek Grezian lur hartu du eta barruan zihoazenek asiloa eskatu dute
Turkiako helikoptero militar batek lur hartu du Grezian eta barruan zihoazen zortzi militar turkiarrek asiloa eskatu dute, Greziako Gobernuko bi iturrik berri eman dutenez.
Black Hawk hegazkin militarrak Alejandropolis hirian hartu du lurra eta agintari greziarrek barruan zihoazen zortzi kideak -zazpi militar eta zibil bat- atxilotu dituzte.
Helikopteroa Turkiari itzuliko diotela hitzeman du Greziako Gobernuak, baina militarrak ere bere esku uzteko eskatu du Ankarak. Mevlut Cavusoglu Turkiako Atzerri ministroak Greziako Atzerri ministroarekin hitz egin ostean esan du Greziak "ahalik eta azkarren" utziko dituela zortzi pertsona horiek Turkiaren esku.
Zure interesekoa izan daiteke
Su-etena urratuta, Israelek Libano bonbardatu eta gutxienez hiru pertsona hil ditu
Israelgo eta Libanoko ordezkariek bake elkarrizketen hirugarren txanda egingo dute Washingtonen (AEB) maiatzaren 14an eta 15ean, AEBko Estatu Departamentuko funtzionario batek ostegun honetan jakitera eman duenez.
Energia nuklearra, berriztagarriak… Europa norabide bila ari da, energia-mendekotasunari aurre egiteko
Energia-mendekotasuna da Europar Batasunak aurrean duen erronka nagusietako bat. Kontsumitzen duen energiaren % 57 kanpotik dator, eta % 43 baino ez da Europan ekoizten. Frantzian, energia nuklearraren auzia eztabaida handia sortzen ari da, eta iritzi kontrajarriak eragin ditu. EITB ekoitzitako "Europa norabide bila" erreportaje-sortak aztertu duen gaietako bat da.
"Europa norabide bila" erreportaje-sortak kontinentearen egoera aztertuko du, egungo agertoki geopolitiko nahasian
Aldaketak etengabe ari dira gertatzen taula geopolitikoan, eta Europa norabide bila dabil. Mikel Reparaz EITBko Nazioarteko arlo-buruak zuzendu duen erreportaje-sorta berriak Europak aurrean dituen erronkak aztertu ditu, egungo bidegurutze geopolitikoan. Gaurtik aurrera izango da ikusgai.
'MV Hondius' gurutzaontzian hantavirus agerraldiak izan duen bilakaera: lehen kasuetatik, kontaktuen jarraipenera
Munduko Osasun Erakundeak jakinarazi du geldialdietan gurutzaontzitik atera ziren bidaiarien eta haien kontaktuen jarraipena egingo duela. Dagoeneko jarri dira harremanetan geldialdi horiek egin ziren herrialdeetako agintariekin.
Iranen aurkako erasoaldia amaitu dela eta Ormuzko itsasartean fase berria abian dela iragarri du Marco Rubiok
Bestalde, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak bertan behera utzi du Ormuzen blokeatuta dauden ontziei laguntza emateko Askatasuna proiektua. Horrez gain, Estatu Batuek Ormuzen nabigazioa eta segurtasuna bermatzeko ebazpena aurkeztuko du NBEko Segurtasun Kontseiluan.
Irango erasoen aurrean defentsa indartuko duela esan du Arabiar Emirerri Batuetako presidenteak
Defentsa Ministerioak astearte honetan jakitera eman duenez, "Iranek jaurtitako" misilak eta droneak atzeman dituzte; hala ere, Teheranek ez du onartu eraso horien erantzulea denik.
Sei jendarme zauritu dira joan den ostegunean hasitako "rave" jendetsuan izandako liskarretan
Egunotan lege-prozesu bat dute martxan Frantzian, horrelako jai klandestinoak saihesteko legea gogortzeko.
Global Sumud ontzidiko bost euskal ekintzaile itzuli dira
Global Sumud flotillako bost euskal ekintzaile itzuli dira astelehen honetan. Goizean, Salim Malla Gutierrez Gasteizko unibertsitateko irakaslea Loiuko aireportuan lurreratu da, eta publikoki salatu du "kontzentrazio eremu flotatzaile batean bahitu" izana, bai eta jasan zituzten "tratu txar fisiko eta psikikoak" ere.
Ormuz zeharkatzen saiatzen diren ontziei eraso egingo diela ohartarazi du Iranek
Bien bitartean, Ameriketako Estatu Batuek iragarri dute gaurtik aurrera Ormuzko itsasartean harrapatuta dauden itsasontziak "askatzeko" operazioa egingo dutela.
Polymarket: apustuen eta gerraren jokoa
Polymarket kriptotxanponetan eta anonimatuan oinarritutako apustu-plataforma bat da, gertaera geopolitikoen inguruan apustu egiteko aukera ematen duena; Eric Trump, Donald Trumpen semea, da horren bazkide eta inbertitzaileetako bat. Borja Macias EHUko irakasleak ohartarazi du informazio pribilegiatua darabiltela; eta adibide moduan jarri du Maduro noiz bahituko zuten zehatz-mehatz asmatu zuen apustu bat.