Mosul: jihadistak bizarra egiten hasi dira
Mosuleko bataila hasi da, eta erabakigarria izango da etorkizunerako, Iraken, Sirian eta Estatu Islamikoak aldarrikatutako Kalifatzan. Mosulek bi milioi biztanle ditu, eta Kalifatzaren hiriburua da. Jihadistek duela bi urte eta erdi okupatu zuten. Irakeko Armadak ihes egin ondoren, haren armak hartu zituzten, baita Irakeko Bankuaren egoitzan zegoen dirua ere. Koranean oinarritutako sistema politikoa ezarri zuten, eta bazirudien inork ez zituela handik botako.
Orain, Irakeko Armada Mosul berreskuratzen saiatuko da, AEBk berrarmatuta, eta aholkulari militar estatubatuarrak bertan direla. Armadak badu, gainera, soldadu kurduen babesa, baita milizia xiitena ere. Hala ere, ez da erraza izango hain batasun konplexua kudeatzea. Adibidez, ez da komeni milizia xiitak Mosulen sartzea, bertako herritar gehienak suniak direlako. Baina oraingoan, Mosul berreskuratzeko saiakera serioa da. Zurrumurruek diote jihadistak bizarra egiten hasiak direla, ihes egiterakoan inork ezagutu ez ditzan.