Iruzkina
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Meskitaren kontrako atentatua eta gerra erlijiosoa

Estatu Islamikoak erantzun bat bilatzen du bere atentatuekin. Norbaitek beste atentatu bat egin dezala, eta zabal dadila irudipena badela mundu gerra bat, musulmanen eta ez musulmanen artekoa.

Donald Trump albistegi guztiak betetzen ari denez, bere eromenezko jardunarekin, ez diogu nahikoa arreta jarri Quebeceko meskitaren kontrako erasoari. Baina oso atentatu kezkagarria da, biktima kopuruagatik —sei hildako eta zortzi zauritu larri— eta duen esanahiagatik: musulmanen aurkako erasoa da, eta itxura guztien arabera, Quebeceko frantses-hiztun batek egindakoa izan da.

Estatu Islamikoaren jihadistek hainbat herrialdetan eraso zibilak egiterakoan leherrarazi nahi duten erlijio gerraren atarikoa da. Estatu Islamikoak 2014an izan zuen jomuga Kanada, soldadu bat eta polizia bat hil zituztenean atentatu jihadista banatan. ISISek erantzuna probokatu nahi du. Norbaitek beste atentatu batekin erantzun diezaiela bere atentatuei, eta zabal dadila irudipena badela mundu gerra bat, musulmanen eta ez musulmanen artekoa. Testuinguru horretan Estatu Islamikoa musulman guztien defendatzaile gisa aurkeztuko litzateke eta kalifatza finkatzea lotuko luke.

Nabaria da ez dugula tranpan erori behar. Justin Trudeau Kanadako lehen ministroak eraso terroristatzat jo du atentatua, eta Kanada kultura anitzak dituen eta etorkinen aurrean abegikorra den herrialdea dela azpimarratu du.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X