Independentziari buruzko erreferenduma egingo dute Irakeko Kurdistanen
Irakeko Kurdistan eskualde autonomoak independentziari buruzko erreferenduma antolatu du irailaren 25erako, prentsa-ohar batean jakitera eman dutenez.
Masud Barzani presidente kurduaren eta eskualde autonomoko ordezkari politikoen arteko bilera batean erabaki dute.
Presidentziaren oharrean azaltzen denez, azaroaren 6an Kurdistanen hauteskunde presidentzialak egitea ere adostu dute, hau da, erreferenduma egin eta gero.
Erreferendumari begira, hiru batzorde sortuko dituzte (Barzani izango da hiruen buru), eta erreferenduma Bagdadeko, herrialde arabiarretako eta eskualdeko beste estatuetako (Turkia eta Iran) agintariekin negoziatzeaz arduratuko dira.
Aurreko otsailaren 3an Barzanik esan zuen autodeterminaziorako erreferenduma egiteko garaia zela, eta argi adierazi zuen inork ezin izango zuela galarazi.
Irakeko Kurdistanek autonomia du 90eko hamarkadatik, eta 2005eko konstituzioan berretsi zuten, Irak Estatu federal gisa aitortuta.
Estatu Islamikoa talde terrorista 2014ean Irak iparraldean sartu zenetik, kurduek paper garrantzitsua jokatu dute jihadisten kontrako borrokan, baina eragin eremua zabaltzea lortu dutenez, tentsioak handitu dira zenbait tokitan.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte