Bonbardaketek 250 hildako utzi dituzte Ekialdeko Ghoutan
Gutxienez 106 pertsona hil dituzte astearte honetan Bashar al Assad Siriako presidentearen aldeko indarren bonbardaketek Ekialdeko Ghouta gotorleku matxinoan, Damaskotik gertu, Giza Eskubideen Siriako Behatokiak jakitera eman duenez.
Erakundearen arabera, gotorleku matxinoaren aurkako erasoaldia iragan igandean areagotu zenetik 250 pertsona hil eta beste 1.200 zauritu dira Siriako Gobernuaren aldeko indarren ekintzen ondorioz.
Astelehenean, gutxienez 127 hildako zenbatu zituen Behatokiak bonbardaketetan. Azken hiru urteetan egun bakarrean zenbatutako biktima kopururik handiena da.
Bost ospitale
Laguntza eta Erakunde Medikuen Batasunak jakinarazi duenez, bonbek Ekialdeko Ghoutako bost ospitale harrapatu zituzten astelehenean. Laguntza eta Erakunde Medikuen Batasuna Siriako ospitaleak finantzatzeko nazioarteko eragileen koalizioa bat da.
Siriako gerra-toki ezberdinetan borrokak areagotu dira, besteak beste, Ekialdeko Ghoutan. Bashar al Assad presidenteak zazpi urteko matxinadarekin bukatu nahi du.
Bestalde, Ekialdeko Ghoutatik matxinoek jaurtitako morteroen bonbak Damaskora heldu dira astearte honetan. Bi hildako eta zenbait zauritu utzi dituzte, Estatuko komunikabideek azaldu dutenez. Gutxienez pertsona bat hil zuten antzeko eraso batean, astelehenean.
Behatokiaren esanetan, bonbardaketak Ekialdeko Ghoutaren aurkako lurreko erasoaldi baten atarikoa dira.
Ekialdeko Ghoutan ia 400.000 pertsona bizi direla uste du NBEk, horietako batzuk bertatik ebakuatu beharko lituzkete, gaixorik edo zauriturik daudelako. Matxinoen gotorlekua da, baina Bashar al Assad presidentearen aldeko indarrek setiaturik dute 2013az geroztik.
NBEko agentzien eta Siriako Ilargi Gorriaren laguntza konboi batek Ekialdeko Ghoutan sartzea lortu zuen iragan astean, azkena heldu zenetik ia 80 egun geroago.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte