Larrialdiko bilera egingo dute gaur NBEn Ghoutako egoera aztertzeko
Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak "larrialdiko eztabaida" egingo du gaur, ostirala, Ekialdeko Ghoutako (Damasko inguruetan, Sirian) egoera aztertzeko, erakundeko bozeramale batek ostegunean iragarri duenez.
Batzordea 47 kidek osatzen dute, eta gaur bertan baieztatuko dute bileraren deialdia, Erresuma Batuak ostegunean bertan hala eskatu eta gero.
Ordezkaritza britainiarrak, argitaratutako ebazpen batean, "laguntza humanitarioa sartzea galaraztea" eta "medikuen instalazioen aurkako etengabeko erasoak" gaitzetsi ditu, hala nola, hiritarren aurkako aireko bonbardaketak eta arma astunak erabiltzea. Era berean, Sirian gerra krimenak egin ote dituzten ikertzen ari den batzordeari Ghoutaren egoera berezia arretaz aztertzeko eskatu dio.
Hala, Giza Eskubideen Batzordeak bat egingo du NBEren Segurtasun Batzordeak aurreko larunbatean hartutako erabakiarekin, hau da, 30 eguneko su-etena hastea, laguntza banatu eta zaurituak ateratzeko. Errusiak aurreko larunbateko ebazpena sinatu zuen, eta erreboltariei egotzi die hiritarrei Ghoutatik irtetea debekatzea.
AEBk Errusia kritikatu dute
Bestalde, Errusiak Ekialdeko Ghoutan korridore humanitarioak ahalbidetzeko egindako proposamena "txantxa" dela esan du AEBk.
"Errusiak deitutako korridore humanitarioak -argia izan nahi dut honen inguruan- txantxa bat da", esan du Heather Nauert Estatu Departamentuko bozeramaleak.
Nauerten esanetan, Ghoutako biztanleek korridore humanitarioak erabiltzeari beldur diote, Assaden aldeko taldeek errekruta ahal dituztelako, edo atxilotuak era erailak izan daitezkeelako.
Zure interesekoa izan daiteke
Erregaiaren prezioak kamioilariak estutu eta AEBko ondoez ekonomikoa larriagotzen ari da
Ehun bat zauritu eta 13 atxilotu Portugalen, etxebizitzaren aldeko kanpaldiak berriro hustu ondoren
Dozenaka kanpadenda jarri dituzte Erromako Koliseoaren aurrean, bizitzaren kostua garestitzearen aurka protesta egiteko
Manifestazio jendetsuak izan dira hirugarren larunbatez Frantzian, eta 500 lagun baino gehiago atxilotu dituzte