Hauteskundeak irabaziz gero, Zisjordania anexionatzea hitzeman du Netanyahuk
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteburu honetan telebista kate batean iragarri duenez, Zisjordania Israelera anexionatuko du baldin eta bihar egingo diren Israelgo Parlamenturako hauteskundeak irabazten baditu.
Gainera, estatu palestinar bat izateko aukera guztiak baztertu ditu, beraien "existentzia" arriskuan jarriko lukeela iritzita. Horrez gain, Zisjordaniaren kontrola bermatzeko beharra aldarrikatu du. Hori dela eta, kolonia handiak ez ezik, bakartutako asentamenduak ere anexionatuko dituela eta Jan al Ahmar herrixkan palestinar beduinoen etxeak eraitsiko dituela agindu du.
Channel 12 telebista kateari eskainitako elkarrizketan eta, lege israeldarra asentamenduetan aplikatzeari buruz galdetuta, ondorengoa erantzun du Netanyahuk: "Nork esan du ez dugula egingo? Horretan ari gara. Hurrengo agintaldia giltzarri izango da".
Ondoren Channel 13 telebista katean baieztatu duenez, "inoiz baino gertuago" dago asentamenduak anexionatzeko. Netanyahuren ingurukoen arabera, Donald Trump AEBko presidentearen babesa du.
Israelek Zisjordania —Jesuralem ekialdea barne—, Gazako Zerrenda eta Golango Gainak militarki okupatu zituen 1967ko gerran eta, beraz, asentamenduek nazioarteko legedia urratzen dute.
400.000 kolono inguru bizi dira Zisjordaniako lurralde okupatuan eta beste 200.000 inguru, ostera, Jerusalem ekialdean (Palestina).
Zure interesekoa izan daiteke
AEBko Gobernuak kontratistaren hutsegite bat edo bideratzaile baten akatsa aipatu ditu aireko kaosaren balizko arrazoien artean
Zelenskik dio AEBk NATOn sartzea eskaini diola Ukrainari, Donbasi uko egitearen truke
Gurutzaontzi turistiko bat irauli da Mississippi ibaian, petrolio-ontzi batekin talka egin ostean
EBk bost herrialdetako ordezkariak bidaliko ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake elkarrizketetara
AEBk hegaldiei ekin die berriro, komunikazio arazo batengatik lau orduz etenda egon ondoren
Moskurekin negoziazioaren buru nor izango den erabakitzeko eztabaida abiatu du EBk
Jensen Huang Nvidiako CEOak dimititu egin du, eskandaluen ondorioz