Netanyahuk alde txikiarekin irabazi ditu Israelgo hauteskunde legegileak
Israelen, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren Likud alderdiak alde txikiarekin irabazi ditu bart herrialdean egin diren hauteskunde legegileak, Benjamin Gantz Armadako buruzagi ohiaren Urdina eta Zuria zentro-ezkerreko koalizioaren aurretik.
Botoen % 99 zenbatuta (3,9 milioi boto baino gehiago) Hauteskunde batzorde zentralak zabaldutako datuen arabera, Likud alderdiak botoen % 26,47 eskuratu du eta Urdina eta Zuria koalizioak, ostera, botoen % 26,11.
Parte-hartzea % 67 ingurukoa izan da (4.016.310 boto), 2015eko hauteskunde legegileetan baino ia lau puntu gutxiago, Times of Israel hedabideak jakinarazi duenez.
Netanyahuk zein Gantzek garaipena aldarrikatu dute. Parte-hartze txikiak jardunaldia markatu du. Bestalde, Likudek kamera ezkutuak eman dizkie bere boluntarioei gehiengo arabiarreko hauteslekuetan, eta horrek ere hautsak harrotu ditu.
Goizaldean, alderdikideen eta jarraitzaileen aurrean Tel Aviven egin duen ekitaldian, "garaipen sinestezina" eskuratu duela esan du Netanyahuk. Gaineratu duenez, "lorpen izugarria" da, "ia pentsaezina".
Gantzek, bere aldetik, Israelgo herritarrek hitz egin dutela azpimarratu du. "Eskerrik asko milaka aktibistei eta milioitik gora boto-emaileei", adierazi du. "Hauteskunde hauetan irabazle argi bat izan da. 'Bibi'k (Netanyahuren izengoitia) 40 eserleku hitzeman zituen eta nagusitasunez galdu du", amaitu du.
Horrela, Gobernua nork osatu dezakeen ez dago argi. Hala ere, litekeena da eskuinak Netanyahu babestea.
Zure interesekoa izan daiteke
Estoniak Errusiarekin duen muga itxiko du abenduan, Moskuri leporatutako sabotaje bat tarteko
AEBko Gobernuak kontratistaren hutsegite bat edo bideratzaile baten akatsa aipatu ditu aireko kaosaren balizko arrazoien artean
Zelenskik dio AEBk NATOn sartzea eskaini diola Ukrainari, Donbasi uko egitearen truke
Gurutzaontzi turistiko bat irauli da Mississippi ibaian, petrolio-ontzi batekin talka egin ostean
EBk bost herrialdetako ordezkariak bidaliko ditu Ukrainaren eta Errusiaren arteko bake elkarrizketetara
AEBk hegaldiei ekin die berriro, komunikazio arazo batengatik lau orduz etenda egon ondoren
Moskurekin negoziazioaren buru nor izango den erabakitzeko eztabaida abiatu du EBk
Jensen Huang Nvidiako CEOak dimititu egin du, eskandaluen ondorioz