Auzitegi Gorenak Leopoldo Lopez atxilotzeko agindua eman du
Leopoldo Lopez oposizioko buruzagia bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman du Venezuelako Justizia Auzitegi Gorenak. Militar matxinoek apirilaren 30ean askatu zuten Lopez, eta Espainiako Gobernuak Caracas hiriburuan duen enbaxadan dago orain, bere familiarekin, "apopilo" gisa.
"Etxeko espetxeratzea kenduko diote, neurria larri urratzeagatik, baita adierazpen politikoak bertako eta nazioarteko komunikabideetan egiteagatik ere, atxiloketa baldintzak urratu dituelako", azaldu du Auzitegiak agiri batean.
Horrela, Gorenak "Leopoldo Lopez herritarra atxilotzeko agindua" eman dio Inteligentzia Zerbitzu Nazionalari (SEBIN), "13 urteko espetxe-zigorra betetzen jarraitzeko". Lopezek bost urte, bi hilabete eta 12 eguneko zigorra bete du dagoeneko, agirian gogorarazi dutenez.
"Leopoldo Lopezek etxeko espetxeratze neurria urratu duela publikoa, bistakoa eta mediatikoa da; izan ere, komunikabide masiboetan agertu da eta adierazpenak egin ditu", Gorenaren arabera.
Lopez Juan Guaido Venezuelako "behin-behineko presidentearekin" eta militar matxinoekin egon zen asteartean. Nicolas Maduro presidentearen Gobernuak estatu kolpe saiakera bat izan zela salatu du.
Ordu batzuen buruan argi geratu zen kolpeak ez zuela gobernu aldaketa ekarriko, eta Lopez Txileko enbaxadan babestu zen lehenengo, eta Espainiako kontsulatuan, ondoren.
Espainiak herritartasuna eman die Lopezen gurasoei eta senitarteko batzuei. Era berean, oposizioko beste buruzagi batzuk hartu ditu; Antonio Ledezma Caracasko alkate ohia eta Lorent Saleh ekintzailea, esaterako. Ledezmak Venezuelatik ihes egin zuen, eta Saleh askatu egin zuten.
Leopoldo Lopezek matxinada militar gehiago izango direla esan du
Bestalde, Leopoldo Lopezek agerraldi publikoa egin du arratsaldean, Jesus Silva Espainiako enbaxadorearen etxearen atarian, eta altxamendu militar gehiago izango direla azpimarratu du.
"Mugimendu militar gehiago izango dira, noski baietz", adierazi du kazetariek astearteko matxinada saiakerari buruz galdetu diotenean.
Hori bai, apirilaren 30eko matxinada militarra estatu kolpea izan zela ukatu du. Aitzitik, Venezuelan trantsizioko gobernu bat eratzeko prozesuaren lehen urratsa izan zela esan du.
"Asteartean gertatu zen prozesu baten lehen pausoa izan zen, ez prozesuaren amaiera", esan die kazetariei.
Estatu kolpea izan zela ukatuta, ondokoa esan du Konstituzioaren 333. artikuluari aipu eginez: "Venezuelarrek, uniformea izan edo ez, ordena konstituzionala berrezartzeko betebeharra dute; apirilaren 30ean zirrikitua egin genuen, eta zirrikitua arrakala bilakatuko da".
"Armada funtsezkoa da gure borrokan", adierazi du. Ildo horretan, etxean giltzapetuta egon den urteetan Armadako "komandanteekin, jeneralekin eta polizia erakundeetako ofizialekin" hitz egin zuela eta denek Juan Guaido babesten dutela ziurtatu du.
Horrez gain, Espainiako Gobernuari eskerrak eman dizkio babesa eskaintzeagatik. "Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari eta Espainiako herritarrei eskertu egin nahi diet Venezuelarekiko erakutsi duten elkartasuna", erantsi du.
Espainiak ez du Leopoldo Lopez entregatuko
Bestalde, Espainiako Gobernuak oharra kaleratu du Leopoldo Lopez entregatzeko asmorik ez dutela jakinarazteko, Venezuelako Auzitegi Gorenak hura atxilotzeko agindua eman badu ere.
Halaber, Leopoldo Lopez eta Lilian Tintori emaztea Espainiako enbaxadara "beren borondatez" joan direla azpimarratu du Sanchezen gobernuak.
Auzitegi Gorenak Lopez bilatzeko eta atxilotzeko agindua eman izana "espero zitekeen mugimendu judiziala da", erantsi dute oharrean.
Dena den, Venezuelako agintariek "Espainiako enbaxadorearen etxearen bortxaezintasuna" errespetatzea espero duela adierazi du Espainiako Gobernuak.
Zure interesekoa izan daiteke
Schengen eremua bermatuta dagoela esan dio Aagesenek Italiari
Espainiako Gobernuko presidenteordeak azpimarratu du Ceutan sartutako migratzaileetako bat ere ez dela penintsulara iritsi.
Israelek baztertu egin du Trumpen Gazarako 15 puntuko plana
Netanyahuk esan du Hamas erabat armagabetu arte Israelgo Armadak ez duela Gazatik alde egingo, eta baztertu egin du Palestinako Estatua sortzea.
Ebola kontrolik gabe zabaltzen ari da Kongoko Errepublika Demokratikoan eta 1.850 hildako eragin ditu jada
Inoiz izandako agerraldirik larrienak 4.053 kasu baieztatu ditu dagoeneko, eta MOEk "premiazko" erantzuna eskatu du.
Abelardo de la Espriellak Kolonbiako Presidentetza hartu du
Eskuin muturreko presidente berriak Cali aukeratu du inbestidurarako, Bogota hautatu beharrean, eta talde armatu ilegalekin elkarrizketari amaiera ematea eta legez kanpoko laboreak fumigatuko dituela iragarri du.
SpaceXen kohete batek Ilargiaren kontra talka egin duela esan du NASAk, baina adierazi du ez duela arriskurik ekarriko
2025eko urtarrilean jaurtitako Falcon 9 kohete baten goiko zatiak, planifikatu gabe, talka egin du Ilargiaren gainazalarekin, eguzki-jardueraren eta grabitate-indarren konbinazio baten ondorioz.
Iranek eta Omanek Ormuzen nabigatzeko bide berri bat adostu dute
Itsasarteko bide berri hori egiteko akordioa lortu izanak ez du esan nahi berriro irekiko dutenik, Iranek zehaztu duenaren arabera, AEBren eta Israelen arteko erasoaldi militarraren ondorioz itxi baitzuten.
Marokok dozenaka pertsona auzipetu ditu Ceutako krisiarekin lotutako delituengatik
Marokoko Giza Eskubideen Elkartearen arabera, 34 pertsona auzipetu dituzte Tetuanen (tartean, bost adingabe) eta 52, Nadorren.
Danubiok bere sekretuak agerian utzi ditu lehortearen ondoren: mamut baten aztarnak eta nazien ontziak azalera atera dira
Danubio ibaiak, Europako bigarren luzeenak, lehorte historikoa bizi du, eta bere ur-emaria murriztu denez, iraganeko aztarna harrigarriak utzi ditu agerian: mamut baten aztarnak azaldu dira Bulgarian, eta Bigarren Mundu Gerran hondoratutako dozenaka ontzi ikusgai geratu dira Serbian.
Gutxienez 14 pertsona hil eta 27 zauritu dira Errusiak Kiev eskualdean gauez egindako erasoetan
Brovary barrutian "sute handiak" izan dira biltegi batzuetan, eta baita Velyka Dymerka, Kvitneve eta Peremoga herrietan ere. Astearte honetan, Volodimir Zelensky Ukrainako presidenteak Errusiaren aurkako operazio gehiago egitekotan zela iragarri osteko erantzun gisa egin ditu Moskuk azken erasoak.
Bruselak esan du EBk "lanak ondo" egin dituela Ceutan, eta "migrazio erreformak bizkortzeko" eskatu du
Magnus Brunner Europako Barne eta Migrazio komisarioaren hitzetan, Ceutan lehertutako krisitik ateratako ondorio nagusia da Europar Batasuneko kideek "bat eginda" kudeatu behar dituztela migrazio politikak.